Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Quintana, Mario

Brasildar poeta (Alegrete, Rio Grade do Sul, 1906 - Porto Alegre, 1994). Frantses hezkuntza jaso zuen, 1927ko iraultzaz gero sortu zen egoera politikoa zela eta. Liburu denda batean hasi zen lanean –atzerriko literatura sailaren arduradun–, eta egunkarietan eta aldizkarietan artikuluak idazten hasi zen. 1940an argitaratu zuen bere lehen poema bilduma: A Rua dos Cataventos. Haren ondoren Sapato Florido (1948), O Aprendiz de Feiticeiro (1950) eta Espelho Mágico (1951) etorri ziren. Garai hartako bere poemetan intimismoa, estoizismo moderatua eta surrealismoaren ukituak nabarmendu ziren, eta 1945eko belaunaldiko eztabaida eta konkretismoaren esperimentalismo gehiegizkotik urrutiratu zen beti. Aurrerago, Quintanaren poesia neurri tradizionaletatik bertso librera aldatu zen. Baina poesia idazteaz gainera, itzulpen ugari egin zituen (Guy de Maupassant, André Gide, Proust, Beaumarchais, Virginia Woolf, Aldous Huxley, J. Conrad, eta abar), eta, halaber, irudimen eta ironia handiko aforismo bildumak argitaratu zituen: Caderno H; A Vaca e o Hipogrifo; Da preguiça como método de trabalho. Azken liburu horretan idatzi zuen bere bizitzaren ikurritza: "Nagikeria da aurrerabidearen ama. Gizona ibiltzeko nagi izan ez balitz, ez zukeen gurpila asmatuko". Beste lan aipagarri batzuk: Apontamentos de História Sobrenatural (1976); Esconderijos do Tempo (1980); Baú de Espantos (1986); Preparativos de Viagem (1987); A Cor do Invisível (1989) eta Velório sem Defunto (1990).