Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Queirós, Pedro Fernández de

Portugaldar itsasgizona (Evora, 1560 - Nueva España, 1615). Espainiako koroaren zerbitzuan egon zen eta Itsaso Barean zehar egindako bidaiengatik da ezaguna. 1595. urtean Alvaro de Mendaña-rekin Filipinetako uharteetara joan zen Perutik abiatuz. Queirósek Itsaso Bareko kontinente ezezaguna (Terra Australis) aurkitu nahi zuen eta horretarako laguntza eske joan zen Limara. Han, horretarako baimena eta laguntzak ukatu zizkioten, eta Espainiara joan zen eta gero Erromara (1600). Klemente VIII.a Aita Santuak lagunduta, 1605. urtean Peruko Callao portutik irten zen hiru itsasontzirekin. 1.000 legoa lurrik aurkitu gabe egin ondoren Pomotu uharteetara iritsi zen. Kontinentea eta bertako aberastasunak aurkitzen ez zituenez, ontziaren norabidea aldatzea erabaki zuen. Zenbaiten ustez, norabide aldaketa horrek desbideratu zuen hain zuzen Australiako bidetik. Azkenik, Izpiritu Santuaren uhartera iritsi zen (Hebrida Berriak) eta Australia izena eman zion, bila zebilen kontinentea aurkitu zuelakoan. Kostaldea aztertzen ari zela, haizeak ontziak desbideratu zituen eta Queirósek, gaixotu ondoren, Acapulcora itzultzea erabaki zuen. 1606an iritsi zen eta hurrengo urtean Espainiara itzuli zen. Gogor saiatu ondoren Perutik beste espedizio bat egiteko baimena jaso zuen, baina Nueva Españara iritsi eta berehala hil zen.