Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Petri

Portugalgo bost erregeren izena.  v Petri I.a Mendekatzailea. Portugalgo erregea 1357-1367 urteetan (Coimbra, 1320 - Coimbra, 1367). Alfontso IV.aren eta Beatriz Gaztelakoaren semea zen. 1336an Konstanza Gaztelakoarekin ezkondu zen. Konstanza hil ondoren (1345), Ines de Castrorekin ezkondu zen isilean (1354), eta Alfontso IV.ak Ines hiltzeko agindua eman zuen (1355). Hilketaren berri izan zuenean, matxinada bat bultzatu zuen Petrik erregearen aurka Portugalgo iparraldean, baina azkenean Beatrizek nolabaiteko bakea lortu zuen aita-semeen artean (1357). Aita hil ondoren, Inesen hiltzaileak hil zituen Petrik eta, tradizioak dioenez, Inesen gorpua gorestera behartu zuen gortea. Aitonen semeen eta apaizen gehiegikerien aurka borrokatu zen. Fernando I.a bere semea izan zuen ondorengo.  v Petri II.a. Portugalgo erregea 1683-1706 urteetan (Lisboa, 1648 - Lisboa, 1706). Joan IV.a Portugalgo erregearen semea zen. Anaia Alfontso IV.aren erregeorde izan zen. 1668an, Madrilgo bake hitzarmena sinatu zuen Karlos II.a Espainiakoarekin, eta Portugalek eta Espainiak elkarri itzuli zizkioten hartutako lurraldeak. Alfontso IV.a hil zenean errege izan zen (1683). 1703an, Ingalaterrarekin aliatu zen eta mendeetan zehar Britainiaren eta Portugalen arteko ituna indartzeko hitzarmen bat sinatu zuen lord Methuenekin.  v Petri III.a. Portugalgo erregekidea 1777-1786 urteetan (Lisboa, 1717 - Ajuda, 1786). Joan V.a eta Mariana Austriakoaren semea zen. Bere iloba Maria I.a Braganzakoarekin ezkondu zen (1760). Ez zetorren bat Pombaleko markesaren politikarekin eta hark bideraturiko erreformak indargabetzen ahalegindu zen. Bere erreinaldian sinatu zen Espainiarekin El Pardoko ituna (1778).  v Petri IV.a. ik. Petri I.a, Brasilgoa.  v  Petri V.a. Portugalgo erregea 1853-1861 urteetan (Lisboa, 1837 - Lisboa, 1861). Bere ama Maria II.aren lekua hartu zuen eta bere aita Fernando Saxonia-Koburgo-Gothakoaren esku egon zen aginpidea 1855 arte. Hezkuntza ministerio eraginkor bat sortzeko ardura hartu zuen. 1858an Estefania Hohenzollern-Sigmaringenkoarekin ezkondu zen. Luis anaia izan zuen ondorengo.