Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Peebles, Philip James Edwin

(Jim Peebles deitua). Kanadar kosmologo eta astrofisikaria (Winnipeg, Ontario, 1935). Manitobako Unibertsitatean graduatu zen 1958. urtean eta ondoren Princetongo Unibertsitatera aldatu zen, fisikako ikasketak egitera. 1962. urtean amaitu zituen hango ikasketak eta irakasle lanetan jardun zuen han, Albert Einstein unibertsitate hartako ikasle zen garaian. Robert Dicke eta beste zenbait lankiderekin egindako lanen bidez, big-bangaren ondorengo irrada kosmikoak existitzen zirela ondorioztatu zuen (aurretik Ralph Alpher eta Robert Hermanek iragarri bezala) eta irrada haiek aurkitzen saiatu zen (Arno Penzias eta Robert Wilsonek lortu zuten azkenik). Irrada kosmikoaren ezaugarriei eta galaxien sorrera eta bilakaerari buruz egindako lanengatik da, hain zuzen ere, ospetsua; unibertsoko helio eta beste zenbait gai arinen kopurua kalkulatu zuen, eta big-bang teoria eta behaketa bat datozela erakutsi zuen. Orobat frogatu zuen galaxien haloetan materia ilun ugari dagoela. Bi liburu idatzi zituen kosmologiari buruz, eta halako eragina izan zuten fisikariengan, ezen kosmologia fisikaren alor gisa finkatu baitzuten. Azken 30 urteetako kosmologo nagusitzat hartua da. Hainbat titulu eta sari eskuratu ditu bere karreran zehar, adibidez A.C. Morrison saria, Eddington domina, Heineman saria etab.