Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Oton Ia Handia

Germaniako Erromatar Inperio Santuko lehen enperadorea (962-973), Germaniako (936 - 973) eta Italiako (951 - 973) erregea (Walhausen, 912 - Memleben, 973). Henrike I.a Txori-ehiztariaren semea zen. Matxinada askori aurre egin behar izan zien: bere anaia Henrike Frankoniako dukearena (983-939), Liudolf semearena eta Lorrenako dukearena (953-954); horretarako elizaren laguntza izan zuen, eskubide eta pribilejio handiak eman baitzizkion: dirua egitea eta zergak biltzea, besteak beste. 951n Italian sartu eta errege izendatu zuen bere burua Pavian. 953an hungariarrek eta eslaviarrek Alemania inbaditu zuten; Frantziaraino iritsiak ziren hungariarrak 955ean garaitu zituen eta urte hartan bertan garaitu zituen eslaviarrak ere. 962an Joan XII.a Aita Santuak enperadore izendatu zuen Erroman; Germaniako Erromatar Inperio Santua sortu zuen. Barbaroei aurre egiten saiatu zen eta iparralderantz eta ekialderantz zabaldu nahi izan zuen inperioa: wendoak ebanjelizatu zituen, Brandenburgo, Havelberg, Oldernburg eta Magdeburg elizbarrutiak sortu zituen eta eslaviarren eta hungariarren lurraldeetan sartu zen. Italia osoa mendean hartzen saiatu zen, baina 968an eta 969an greziarrek aurre egin zioten Apulian eta Calabrian eta ezin izan zituen Nizeforo Fokas eta Juan Tzimisces garaitu.