Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

otomandar

iz. eta izond. Osmanliarra. || Osman-ek sorturiko dinastia. || Turkiakoa; Turkiako biztanlea.  v  Turkiar otomandar edo osmanliarrek XIII. mendean sortu eta Lehen Mundu Gerraren ondoren desagertu zen arte, inperioaren lehen sultan Osman I.aren ondorengoen aginpidean egon zen estatu zabala.  v  Historia. Aro modernoko estatuetan handiena izatera iritsi zen Inperio otomandarra, Asian, Europan eta Afrikan barrena. Gaur egungo Turkia inperio osoaren parte bat baino ez zen izan, baina “Turkia” eta “Inperio Otomandar” hitzak sinonimotzat hartzen dira. Turkiar seljukiarren aginpidearen gainbeherarekin batera Asia Txikian sortu ziren estatu txikietako batean du sorrera Inperio otomandarrak. XIV. mendean otomandarrek inguruko estatu txikiak beretu zituzten, eta geroago, Bizantzioko inperioko lurraldeak hartu zituzten. XIV. mendearen bukaeran Balkanetako penintsulako lurraldeak konkistatzen hasi zirenean, otomandarren hedapenaren arriskuaz jabetu zen Europa. 1453an, Mehmet II.a (1451-81) sultanaren aginpidean, Konstantinopla konkistatu eta inperioaren hiriburutzat hartu zuten. Inperio otomandarrak XVI. mendean izan zituen urterik oparoenak, Selim I.a Ankerra (1467-1520) eta Suleiman I.a Bikaina edo Legegilea (1520-66) sultanen aginpidean, turkiar otomandarrek Siria eta Egipto (1516-17) eta ia Balkanetako penintsula osoa, Hungaria, Persia eta Arabia mendean hartu zituztenean. Halaber, Turkiako itsas armada Mediterraneo itsasoko jaun eta jabe bilakatu zen Bizargorri kortsariaren (1483-1546) gidaritzapean. Inperio otomandarra hala ere, eta Suleimanek bideratu zituen erreformak gorabehera, Europa eraberritzen ari ziren ekonomia, kultura eta zientzaren aurrerapenetatik at geratu zen, eta sultanaren heriotzarekin batera inperioaren gainbehera hasi zen.  v  1571n, Lepantoko guduan, Liga Santuak otomandarren itsas armada suntsitu zuen, eta hondamendi hari beste batzuk jarraitu zitzaizkion. Halaber, ondorengontza zela eta, gatazkak piztu ziren. Hilketa asko izan ziren sultanen senideen artean, eta oinordekoek, isolaturik, babespean bizi behar izan zuten aginpidera iritsi arte. Horrenbestez, bisirrek eskuratu zuten benetako aginpidea, belaunaldiz belaunaldi gorde ohi zutena, hala nola Koprülü familiaren edo jenizaroen artean. Ustelkeria nagusitu zen agintarien artean. XVIII. mendean inperioa deseginez joan zen, errusiarren aurkako gatazken ondorioz, eta are gehiago, XIX. mendearen hasieran, inperioak Grezia (1821-30) eta Egipto (1832) galdu zituenean. Europako mendebaleko herrialdeak Errusiaren zabalkundearen beldur ziren, eta horren ondorioz, Inperioarekin zituzten merkataritza hitzarmen onuragarriak galtzearen beldur. Hala, Krimeako gerran (1853-56), Errusiaren erasotik babestu zuten inperio otomandarra. Nolanahi ere, Inperioaren ekonomia Europako mendebaleko herrialdeen mendean zegoen. 1876an konstituzio berri bat onartu zenean, Turkiako gobernuaren erreforma bideratzeko aukera bat izan zen, sultanak konstituzioa baliogabetu izanak galarazi zuena. 1908tik aurrera “Turkiar Gazteak” talde abertzalea gobernua aldatzearen alde borrokatu zen. Turkiak Balkanetako guduetan (1912-13) galdu zituen Europan geratzen zitzaizkion ia lurralde denak, eta Lehen Mundu Gerran galtzaile atera ondoren, guztiz desegina geratu zen behin inperio handia izan zena. 1922an Mustafa Kemal Atatürk turkiar politikariak, gudarostea bere alde zuela, sultana kargua uztera behartu eta errepublika ezarri zuen. Hura izan zen Turkia modernoaren hasiera.  v Erakundeak eta zibilizazioa. XVI. mendean Suleimanekin bere goreneko maila iritsi zuen inperioaren arrakasta hein handi batean antolaketan eta administrazioan oinarritzen zen. Enperadorea edo sultana (padisah) errege absolutua zen, erlijio eta armada burua eta mendekoen eta ondasunen jabea. Bisir nagusia zen gobernuburua, eta bisir eta goi kargudun talde txikiak gobernua edo sultanaren laguntzaile taldea (divan) osatzen zuen. Inperioa gobernari nagusien (beylerbey) mendeko bi edo hiru probintziatan banaturik zegoen; probintzia bakoitza sandjak izeneko herrialdeek osatzen zuten, eta haien buru bey-a zen. Gizartea guztiz mailakatua zegoen, hiru sailetan: nomadak, nekazariak eta eskulangileak, talde bakoitzak bere zergak ordaindu behar zituela. Gutxiengoak (kristauak, juduak) erlijio buru baten mende zeuden (aitalehena edo rabinoa) eta komunitatearen barne arazoak (erlijioa, zuzenbidea, finantzak) gobernatzeko ahalmena zuten zerga berezi baten truke. Otomandarren artean, erlijioaren alorreko burua mufti nagusia zen, inguruan erlijio doktoreak (ulema) zituela. Devsirme izeneko sistemak garrantzi handia izan zuen inperioaren antolamenduan: Balkanetako kristau familietako haurrak hartzen zizkieten beren gurasoei eta, Anatoliako familiekin bizitzen jarririk, turkiarren erlijioan eta ohituretan hazten zituzten. Gero, sultanen mendeko zerbitzu zibilean sartzen ziren eta armadaren funtsezko adar bat osatzen zuten: jenizaroak edo oinezko gudariak. XV. mendearen amaieratik XVII. menderaino bisir nagusi eta goi kargudun guztiak, devsirme sistema zela bide, kristau jatorrikoak izan ziren. Armada, jenizaroen infanteriaz gainera, beren zerbitzuen ordainez lurren jabe ziren zaldunek (sipahi) eta artilleriak osatua zegoen. Itsas armada, gehienbat kortsarioz osatua, oinarrizko izan zen turkiarren nagusitasunerako. Merkataritzaren antolamendua zen inperioaren hutsunerik handiena; izan ere, Sortaldearen eta Sartaldearen arteko harremanak Indietan finkaturiko europarren esku zeuden. Gainera, XVI. mendearen amaieratik Afrikako hegoaldetik irekitako bidea merkataritzarako erabiltzen hasi zen.  v Konkistak ekarritako hondasunek zibilizazio aberats baten garapena ekarri zuten. Arkitekturaren alorrean otomandarrek hein batean Bizantziokoaren segida den estilo berezi bat gauzatu zuten; eraikuntzarik nabarmenenak Mimar Sinan-ek (1489-1588) egindako mezkitak dira. Apaindura arteak ere garrantzi handia izan zuen: zeramika, tapizak, oihalgintza, armagintza. Literatura eredu persiarrei jarraitu zitzaien. Suleimanen garaian inperioko hiru kultura hizkuntzetan —arabiera, persiera, turkiera— egindako poesiak maila handia hartu zuen. Hala ere, otomandarren zibilizaioan ulema edo erlijio gizonen eragin erabakigarriak asko mugatu zuten ideien eztabaida eta zabalkuntza.