Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kuneiforme

izond. Ziri itxurakoa. || Bot. Landareetan, ziri baten itxura duten atalez esaten da, halako hostoa adierazteko gehienetan.  v  Idazkera kuneiformea. Gehienbat antzinateko Ekialde Hurbilean erabili zen idazteko sistema. Idazkera mota hau herri askok erabili zuten K.a. 4000. urte ingurutik K.a. 100. urtea arte. Aurkitu diren dokumentu zaharrenak sumerieraz daude, hau da, Hegoaldeko Mesopotamiako eta Kaldeako hizkuntzan. Lehenik piktogramak erabili ziren baina K.a. 3000. urte inguruan ziri itxurako idazkera lineala hasi zen erabiltzen, halakoa baitzen buztinezko taulatxoetan kanabera mutur-zorrotzek utzitako marka. Akkadiarrek hartu zuten sistema hau (K.a. 2450-1850 inguru). Gero, asiriarrek eta babiloniarrek erabili zuten. Halaber, elamdarrak, kasitak, persiarrak, mitaniarrak, hurriarrak eta hititak ere baliatu ziren idazkera honetaz. Arameiera Ekialde Hurbilean zabaltzea (K.a. VII-VI. mendeak), feniziar idazkeraren erabilera geroz handiagoa eta Mesopotamiak independentzia politikoa galtzea izan ziren idazkera kuneiformearen gainbeheraren arrazoiak. Elamgo hizkuntza izan ezik idazkera kuneiformez idatzitako hizkuntza gehienak argitu dira gaur egun.