Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kundera, Milan

Txekiar idazlea (Brno, 1929). Olerkari gisa eman zen ezagutzera 1953an Gizona lorebaratzea da liburuarekin, eta haren ondoren Bakarrizketak (1957) argitaratu zuen. Baina hitz lauz izan zuen arrakastarik handiena bere herrian, Amodio barregarriak (1963-68, Carlos Cid-ek euskaratua) ipuin liburuarekin eta Zert (1967, Broma) eleberriarekin. Urte haietan Pragako Zinema Eskolako irakasle izan zen, harik eta 1968ko errusiarren zapalketaren ondorioz, karguak eta lanak kendu zizkioten arte (1970). Handik hara, Kunderaren liburu guztiak debekatu zituzten Txekoslovakian. 1975az gero Parisen bizi da Frantziako herritartasuna hartuta. Hala ere, bere eleberri eta liburu gehienak txekieraz idatzita daude. Haren lan aipagarrienak: Valcík na rozloucenou (1973, Agur jaia), Bizitza beste nonbait da (1973), Barrearen eta ahazturaren liburua (1978), Nesnesitelná lehkost bytí (1984, Izatearen arintasun jasanezina) eta Nesmrtelnost (1989, Hilezkortasuna). Saiakera bat ere badu frantsesez, L’art du roman (1986, Eleberriaren artea), eta antzerki lan bat (Jacques eta bere nagusia). 1998an Nortasuna eleberria argitaratu zuen, eta bi urte geroago, Ezjakintasuna, emigrazioaren gaiari buruzkoa, frantsesez biak.