Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Karlos Ia Espainiakoa

(Karlos V.a Alemaniakoa). Espainiako erregea eta Alemaniako enperadorea (Gante, Belgika, 1500 - San Gerónimo de Yuste, Extremadura, 1558) Filipe Ederra eta Joana Eroa-ren semea; aitaren aldetik Austriako Maximiliano eta Burgundiako Mariaren biloba, eta amaren aldetik Errege-erregina Katolikoena. Flandrian bizi izan zen hamasei urte bete zituenean, Fernando Aragoikoa, aitona, hil zelarik, Espainiara joan eta errege koroatu zuten arte. Inguruan zituen flandestar aholkulariak zirela eta, kontrako jarrera piztu zen mendeko askoren artean, eta Gaztelako Komunitateen eta Valentziako Germanien matxinadak izan zituen, bortizki zapalduak biak ere. Maximiliano Austriakoa hilda Alemaniako enperadore hautatu zutelarik (Karlos V.a, 1519), lau gerra izan zituen enperadore titulua beretzat nahi zuen Frantzisko I.a Frantziakoaren kontra; lehenengoan (1521-1526) Espainiak Milango lurraldea beretu zuen; bigarrenean (1526-1529) enperadorearen gudarosteek Erromako hiria hartu zuten; hirugarren eta laugarren gerrak Nizako itunaz eta Crespy-ko bakeaz amaitu ziren. Beste alde batetik, turkiarren indarrari ere aurre egin behar izan zion: Suleiman I.aren gudarosteek Mohacs-eko garaipenaren ondoren (1526) indarturik, Vienaraino iritsi eta setiatu zuten (1529). Enperadorearen gudarosteek atzera eragin zieten, baina ez zen ezabatu turkiarren arriskua; alderantziz, are arriskutsuago egin ziren 1536an Frantziaren aliatu egin baitziren. Karlos I.ak Tunez konkistatu zuen (1535), baina Aljer-eko guduan musulmanek menderatu zuten (1541). Haren garaian hasi ziren Ameriketako lurralde aurkitu berrien konkistak: Mexiko (1519), Peru (1531), Txile (1535), Amazonia (1540). Luteroren Erreforma Alemanian zehar zabaldu zen; bake bidez Erreforma gelditzen saiatu ondoren, gerra hasi zen Alemanian. Enperadorearen gudarosteek Esmalkaldako ligako printzeenak menderatu zituzten Mühlberg-eko guduan, baina hala ere Inperioko Dietak, haren anaia Fernando buru zela, Augsburgoko Bakea aldarrikatu zuen, Alemaniako printze bakoitzari bere lurraldeetarako erlijio katolikoa ala protestantea hautatzeko aukera emanez (“Cuius regio eius religio”, hots, “Lurraldea noren, erlijioa ere haren” araua harturik). Arazo politikoetatik urrundurik (1556) eta bere estatuak Filipe II.a bere semearen eta Fernando anaiaren artean banaturik, Yusteko monasteriora erretiratu zen, eta han hil zen handik bi urtera.