Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hollein, Hans

Austriar arkitektoa (Viena, 1934). Ingeniaritza, arte eta arkitektura ikasketak amaituta, arkitektura eskolak eman zituen Washingtongo Unibertsitatean 1963-1966 bitartean. Geroztik, unibertsitate eta eskola askotan izan da, bai irakasle bai kritikari gonbidatu gisa. 1965-1970 bitartean Bau arkitektura eta plangintza aldizkariaren argitaratzaile izan zen. Munduko arkitekto sarituenetako bat da: Reynolds Memorial Arward (1966, Brno, Estatu Batuak); Austriako Estatuaren Saria Ingurune Diseinuari (1968); Rosenthal Estudioaren saria (1974); Arkitekturako Viena Hiria saria (1974); Kolorearen eta Diseinuaren Nazioarteko Lehen Saria (1980-1981); Austriako Estatuaren Arte saria (1983); Arkitekturako Pritzer saria (1985), munduko arkitektura sari garrantzitsuena… Hans Holleinen ibilbide profesionala oso zabala da. Bere prestakuntza akademikoa bukatu ondoren, Vienako eta New Yorkeko marrazki ameslariak egin zituen, Walter Pichlerrekin batera, arkitektura molde berri bati buruzko ideiak planteatuz. Bere lehenengo obrak berritze eta zabaltze lanak izan ziren, Vienako Retti fabrikakoa bezala (1964-1965). Beste lan batzuk: Richard Feigen Gallery (1967-1969, New York); Schullin bitxidenda (1974, Viena); Stäbtisches Museum am Abteiberg (1972-1982, Monchengladbach); Turismo Zentrala (1976-1978, Viena); Ludwig Beck moda etxearen denda bat (1981-1983, Trum Tower, New York); Moderner Kunst Museoa (1982-1990, Frankfurt).