Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Holz, Arno

Alemaniako idazlea (Rastenburg, 1863 - Berlin, 1929). Hasierako idazkietan poesia lirikoa landu zuen; gero, langileriaren egoera bertsoetan adierazten duen Das Buch der Zeit (1885, Garaiaren liburua) izeneko liburuan naturalismora hurbildu zen. Gero J. Schlaf lagunarekin bide horretatik jarraitu zuen: Papa Hamlet (1889, Aita Hamlet), kontakizun laburrak; Die Familie Sielicke (1890, Selicke familia), drama; Sozialaristokraten (1896, Sozialaristokratak), bere garaiko idazleei buruzko komedia. Holz-en naturalismoak eragin nabarmena izan zuen G. Hauptmann-en obran. J. Schlaf-ekin lankidetza amaitu ondoren, hasierako lirismora itzuli zen berriro. Phantasus izenburuko olerki sailean (1898-1925) lirismoaren berrikuntzari ekin zion, bertso librea sartuz eta poema luze esperimentalak idatziz. Aipatzekoak dira, halaber, azken aldiko komediak Traumulus (1904); Frei (1907, Librea); eta dramak: Sonnenfinsternis, (1908, Eguzki eklipsea ); Ignorabimus (1913).