Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Holyfield, Evander

Estatubatuar boxeolaria (Atamore, Alabama, 1962). Pisu astunetan munduko txapeldun hiru aldiz ateratako bigarren boxeolaria da; Muhammad Ali izan zen lehena. Profesional gisa 1984an hasi zen. 1990ean, James “Buster” Douglas mendean hartuta, munduko txapeldun atera zen. Titulua hiru aldiz defendatu ondoren, Riddick Bowek kendu zion, 1992an. Hurrengo urtean berreskuratu zuen atzera, kendu zionari berari irabazita. Berriro galdu zuen 1994an, Michael Moorerren mesedetan. Hogeita hamalau urterekin, berriro ekin zion pisu astunetako titulua lortzeko bere burua prestatzeari. Orduko txapelduna, zaletuen gogokoena, Mike Tyson zen. Denen harridurarako, Holyfieldek seigarren borrokaldian menderatu zuen Tyson. Holyfield eta Tyson berriro jarri ziren aurrez aurre 1997ko ekainean; borrokaldietako batean, baina, Tysonek hozka egin zion Holyfieldi belarrian, eta borroka galtzeaz gainera boxeatzeko baimena kendu zioten denboraldi baterako.