Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Holland, Agnieszka

Poloniar zinema zuzendaria (Varsovia, 1948). Txikitan Txekoslovakiara joan zen bizitzera familiarekin. Hamahiru urte zituela, aita, Poloniako Alderdi Komunistako buruzagia, leiho batetik behera erori zen galdeketa batean. 1968an, sobietar gudarostea Pragan sartu zenean, atxilo hartu zuten. Poloniara itzuli zenean, Krzystof Zanussi zuzendariaren laguntzaile aritu zen denboraldi batez. Gero, film hariak idatzi zituen Andrzej Wajdarekin. 1981ean, Suedian, film baten sustapen lana egiten ari zen bitartean, gerra legea ezarri zen Polonian; harrezkero Parisen bizi izan zen eta haren zinemagile karrera izugarri azkartu zen. Europa, Europa (1990) filma nazien okupazioan bere nortasuna ezkutatu zuen mutil judu baten istorioa da. Olivier, Olivier (1993) filmean, berriz, erroetatik aske behingoz, bere gai kutunetako baten kontakizunean murgildu zen: familia harremanak. Gai bera landu zuen hurrengo filmean ere: Jardin sekretua (1993). Bi urte geroago, Muga-mugan bizitzea filmean Verlaine eta Rimbauden arteko hartu-eman bihurriak hartu zituen gaitzat.