Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Holbrooke, Richard

Estatubatuar politikaria eta diplomatikoa (1941). 1962an hasi zuen diplomatiko karrera. 1977-1981 bitartean, Jimmy Carterren lehendakaritzapean, Asia eta Pazifikorako estatu idazkariorde izendatu zuten. Hori baino lehenago Averell Harrimanen aholkulari izan zen, Estatu Batuek eta Vietnamek Parisen hitzarmena izenpetu aurreko negoziazioetan. Gero, denboraldi batez nazioarteko harremanak utzita –Reaganen administraziopean (1981-1988)–, New Yorkeko finantzagunean aritu zen lanean, Wall Streeten. Demokraten buruzagi Bill Clintonek aginpidea eskuratu arte itxaron behar izan zuen nazioarteko zereginetara berriro itzultzeko. 1993an, Clintonek Alemaniara bidali zuen enbaxadore, baina, handik gutxira, Europa eta Kanadarako estatu idazkariorde izendatu zuen, kargua hutsik utzi zuen Stephen Oxmanen ordez. Urtebete geroago, 1995eko abuztuan, Bosnia-Herzegovinako gerrari amaiera emateko negoziazioetarako ordezkaritzaren buru izan zen, Bill Clintonek hala izendatuta. Bake hitzarmena Daytonen (Ohio) izenpetu zen, 1995eko abenduaren 21ean, Holbrookeren lanari esker neurri handi batean.