Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Holberg, Ludwig, baroia

Danimarkako jakintsu eta idazlea (Bergen, 1684 - Kopenhage, 1754). Norvegia eta Danimarka baturik zeuden garaian sortua izanik, herrialde horietako bietako literaturaren aitatzat hartua izan da. Kopenhage-n ikasketak egin ondoren, Europan zehar ibili zen (1704-1716). Kopenhage-n bizi zela, hango unibertsitatean irakasle izan zen (1717). Historia eta eskubidea aztergai zituzten zenbait obraren ondoren Peder Paars (1719-1720) poema komiko heroikoa egin zuen. 1722-1727 bitarteko urteetan gaur egun ere antzezten diren hogeita hamar bat komedia umoretsutan hiri hartako burgesia txikiaren deskripzioa eman zuen: Erasmus Montanus, unibertsitari gaztearen satira; Jean de France, moda frankofiloaren satira; Mendiko Jeppe, nekazariaren lanez diharduena eta autorearen ezagunena. Obra hauek taxutzerakoan zenbait eredu hartu zituen kontuan: Plauto, Italiako commedia dell’arte eta Moličre-ren antzerkia batez ere. Komediez aparte beste lan anitz egin zituen, hala nola, Danimarkako erresumaren historia eta Elizaren historia (1732-1735). Bestelakoa da Nils Klim-en bidaia (1741), bere garaiko gizartearen kritika zorrotza. Holbergen obra guztian nabaria da bere herriari hastapen moralak erakusteko lehia, baina irria ezpainetan zuela betiere.