Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hölderlin, Friedrich

Alemaniar olerkaria (Lauffen, Wurtenberg, 1770 - Tübingen, 1843). Aita hil zitzaion oso gazte zela. Laster bereizi zuten amarengandik eta teologia ikasketak egitera eraman zuten Tübingen-go apaizgaitegi protestantera; han Schelling eta Hegel ikaskideekin harremanetan jarri zen. 1793an ministro protestante izateko ikasketak egin zituen, gerora lanbide horretan sekula jardun ez bazuen ere. Frantziako Iraultzaren askatasun ideiak kantatu zituen lehen poemetan (1789-1794), eta Grezia klasikoarekiko mirespena agertu zuen. Fichte-ren ikasle eta Schiller-en adiskidea izan zen Jena-n, eta Weimar-en Goethe eta Herder ezagutu zituen (1794-1795). Frankfurt-en Gontard bankariaren seme-alaben irakasle gisa lan egin zuen (1795-1798). Haren emazte Suzette-z maitemindu zen, eta hura izango da Diotima izenaren pean Hölderlin-en obran agertzen den greziar emakume ideala. Harremanak moztera behartu zituzten (1799), eta Suitzan (1801) eta Frantzian (1802) bizi izan zen zenbait familia ahaldunen etxeetan irakasle. Urte hartan bertan, Alemaniara bidean zihoala, Diotima hil zela jakin zuen. 1804an lagun bati esker eskuraturiko liburuzain jardun zuen, baina eskizofreniaren lehen zantzuek jota zuten orduko. Tübingen-go eroetxean egonaldi bat egin ondoren, 1807tik hil artean –37 urtez– zurgin baten etxean, Neckar ibaiaren ertzean, dorre batean bere burua itxirik bizi izan zen, Scardanelli goitizenez izenpeturiko olerki bitxiak idazten zituela. v Hölderlin-en obran poesia lana da ezagunena. Frantziako Iraultzak eragindako ereserkien ondoren –Hymne an die Menschheit (1791, Gizadari ereserkia), Hymne an die Liebe (Amodioari ereserkia)–, Grezia klasikoa eta hango mitologia orainaldiko egoeretan eta esperientzietan itsasten ditu, neurri klasikoetara hurbiltzen diren olerkietan: Natur und Kunst oder Saturn und Jupiter (Natura eta artea edo Saturno eta Jupiter), Ganymed (Ganimedes), An die Parzen (Parkei), Hyperions Schicksalslied (Hyperion-en patuari kanta), Der Archipelagus, (1800, Uhartedia). Beste zenbait poematan, hala nola Brot und Wein (Ogi eta ardoa), bere sorterriari kantatzen dio. Poesiaz gainera, Hölderlin-ek Hyperion oder der Eremit in Griechenland (1797-1799, Hyperion edo Greziako eremutarra) gutunez egindako eleberria eta Der Tod des Empedokles (Enpedokleren heriotza) tragedia bukatu gabe utzi zituen.