Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Holiday, Billie

(Bere izenez Eleanora Fagan). Estatu Batuetako jazz kantaria (Baltimore, 1915 - New York, 1959). New York-en kantatu zuen lehendabiziko aldiz jendaurrean (1929) eta Benny Goodman-ekin grabatu zuen bere lehen diskoa (1933). Teddy Wilson, Count Basie eta Artie Shaw-ren orkestretan kantatu zuen (1935-1938), eta gero bere orkestrarekin. Jazz modernoko kantaririk ospetsuen eta eragileena izan da. Bere deiturarekiko hitz jokoa den izenez ere ezagun zen: Lady Day. Kantagaia bere egiteko modu erabat pertsonal eta hunkigarria zuen ezaugarririk aipatuena. Bizitza nahasia egokitu zitzaion, eta drogetara ere jo zuen. Horrek bere kantari bizibidea hondatu eta gazterik hiltzera eraman zuen. Alde handi samarra dago hasierako grabazioetatik azken aldera egindakoetara: ahotsaren gaztetasun eta freskotasunean galdu zuena teknikan, adierazkortasunean eta barru-barrutikako hunkigarritasunean irabazi zuen denborarekin. 1956an autobiografia bat argitaratu zuen, bere kantu ezagunenetariko baten izenburupean: Lady sings the Blues.