Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hernández

edo Fernández, Gregorio. Espainiar eskultorea (Pontevedra, 1576 inguruan - Valladolid, 1636). Gaztelako eskultura polikromoaren ordezkari behinen eta emankorrenetarikoa. Errealismoa irudien aurpegikeran islatzen da; estasia edo oinazea adierazten duten aurpegiak dira oro har, eta bere garaiko Espainiako mistizismoaren ezaugarriak dituzte. Gregorio Hernándezen obra erlijiozkoa da erabat: irudi askeak, erretaulak eta batez ere Jesu Kristoren Pasioko atalak (Aste Santuko pasoak) egin zituen. Obra gehienak Valladoliden dauden arren, G. Hernándezen lantegitik ateratako lanak Gaztela bietara eta Euskal Herrira ere iritsi ziren (Gasteizko San Migel elizako erretaula; Eibarkoa, 1936ko gerran suntsitua, etab.). Eragin handia izan zuen penintsula osoan. Haren obretariko batzuk: San Miguel elizako erretaula eta San Ignazio, San frantzisko Xabier, San Frantzisko Borjakoa estatua askeak (Valladolid); Jesu Kristoren Bataioa, Santa Teresa, San Bruno (Valladolideko Museoa); Jesu Kristo etzanak (Pardo Museoa, Madrilgo Encarnación komentua, Valladolideko Santa Ana komentua).