Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hackman, Gene

Estatubatuar zinema antzezlea (San Bernardino, 1931). Kazetaritza ikasketak hasi zituen, baina bertan behera utzi eta arte dramatikoa ikasteari ekin zion. Antzerkian hainbat obra egin ondoren, zinemagintzara bildu zen: Warren Beattyk Bonny and Clyde (1967) filmean paper bat eman zion, eta bigarren mailako antzezle hoberenaren Oscar sarirako izendatu zuten. Handik urte batzuetara lortu zuen lehen Oscarra (1972an), French Connectionen egindako lanagatik. Barkaziorik ez (1992) pelikulak ekarri zion hurrengo Oscarra, bigarren mailako antzezle hoberenarena. Hollywoodeko “gogor” bat da Hackman, eta horren adierazle dira beste film hauetan egindako lanak ere: Gaua mugitzen ari da (1975), Tiropean (1984), Mississippi sutan (1988), Geronimo (1993), Erabateko boterea (1996) eta Ilunabarra (1998). Beste film batzuk: Hawaii (1966), Ehizaldia (1971), Cisco Pike (1972), Txorimaloa (1973), Superman (1978), Bulegoa (1993), Itsasgora gorria (1995), Kilkerren kaiola (1996) eta Ganbera (1997).