Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hacks, Peter

Alemaniar idazlea, eslovakiarra jatorriz (Bratislava, 1928 - Berlin, 2003). Ekialdeko Berlinera alde egin zuen 1955ean eta Bertolt Brechten Berliner Ensemble taldera bildu zen; gerora (1960-1963) Deutsches Theaterren ibili zen. 1963an antzerkia utzi eta literaturan murgildu zen erabat. Nabarmena da bere obretan, lehenbizikoetan batik bat, Brechten eragina, gero harekiko lotura hautsi bazuen ere. Hasieran gai historikoko komediak idatzi zituen, ikuspegi marxistatik azalduak –Eröffnung des indischen Zeitalters (1955, Indiako aroaren hastapena), Die Schlacht bei Lobositz (1958, Lobositzeko gudua), Der Müller von Sanssouci (1958, Sanssouciko errotaria)–, eta errealismo sozialistaren mugak gainditzen ahalegindu zen, klasizismo sozialistaren bila ekinez. Aipagarriak ditu honako beste obra hauek ere: Volksbuch von Herzog Ernst (1957, Ernst kondearen liburu herrikoia) eta Historien und Romanzen (1986, Istorioak eta erromantzeak).