Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Habré, Hissène

Txadar politikaria (Faya Largeau, 1940). Frantses Armadako soldadu egin zen oso gazterik. Txadek independentzia eskuratu zuenean (1960), Zuzenbide ikasketak egin zituen Parisen. Sorterrira itzultzean FROLINATeko (Txadeko Askapen Frontea) kide egin zen, eta Frantziaren babespeko Tombalbaye presidentearen aurkako matxinada armatua gidatu zuen. Gerora Felix Malloum presidente berriaren aurka ere borrokatu zen, 1978an gobernuarekiko negoziazioetan parte hartu eta Txadeko Gobernuan sartu zen arte. Lehen Ministro karguan aritu zen 1978-1979 bitartean. 1979an Defentsa ministro izan zen, eta hurrengo urtean ihes egin zuen Txadetik, Libiaren esku-hartze armatuak bultzatuta. Bi urteko borrokaren ostean Njamena hiriburua bere kontrolpean hartu eta Txadeko presidente kargua bereganatu zuen, baita Defentsa ministerioa ere 1986an. Boterea eskuratu bezain pronto Libiarekin gerra hasi zuen, Auzuko lur eremua zela-eta. Frantziaren laguntzari esker lortu zuen libiar osteak kanporatzea. Gerraren ondoren diktadura tankerako erregimena ezarri zuen, alderdi bakarrekoa, harik eta 1990ean MPSko (Salbaziorako Mugimendu Patriotikoa) gerrillariek agintetik kendu zuten arte. Kamerunera alde egin zuen ihesi.