Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Habsburgo (Habsburg)

Dinastia germaniarra, Austriako erregetza 1278tik 1918ra bere gain izan duena. Habsburgotarrek etenik gabeko aldi luzeetan izan zuten enperadore kargua (1440-1806). Suitzako Aargau kantoian 1020. urte inguruan eraikitako gaztelutik dator izena: Habitchtsburg, “aztoreen gaztelua”. XII. mendetik aurrera, Habsburgotarrak lurralde anitzen jabe egin ziren oinordekotza eta emaitzen bidez: Luzerna, Altsazia Garaia, Zurich. Rodolfo I.arekin erdietsi zuten aurrenik Inperioaren buruzagitza (1273), eta Austria, Estiria eta Carniola bere mende ezarri zituen (1278). XIV. mendean Karintia, Tirol, Friburgo, Trieste eta Vorarlberg beretu izan dira. Hala eta guztiz ere, XIII. mendetik XV. mendera bitartean, suitzar menditarrekin egindako gerren ondorioz, jatorrizko lurraldea galdu eta Austriara joan ziren bizitzera, eta harrezkero izen horrez ezagutu zituzten. Ondorengo partiketek, bestalde, luza gabe ahuldu zuten familiaren aginpidea, harik eta Frederiko III.a enperadoreak (1440-1493) habsburgotarren lurraldeak bere mendean bildu zituen arte. Hala, 1741-1745 bitarteko salbuespena aparte utzita, alemaniarrek beti haien artetik hautatu izan zuten enperadorea, Inperio Santua desagertu arte (1806). Ezkontzen bidez, habsburgotarrek gero eta lurralde handiagoak eskuratu zituzten (Bella gerant alii; tu, felix Austria, nube: “Bestek egin beza gerra; zuk, zorioneko Austria horrek, ezkontza egizu”). Hala, Maximiliano I.a eta Burgundiako Maria ezkontzean (1477), Herbehereak eta Frankoen Konderria habsburgotarren esku egon zen; Filipe Ederra Joana Eroarekin ezkondu zen (1496), hura baitzen Aragoiko eta Gaztelako oinordekoa, eta, hala Espainia eta Napoli ere beregana bildu zituen  habsburgotarrak (1506-1516). Fernando I.ak Anarekin ezkondurik Bohemia eta Hungariako zati bat beretu zituen (1526). Karlos V.arekin bere goren mailara iritsi zen Habsburgo etxea, baina haren abdikazioaren ondorioz bi adar sortu ziren: Filipe II.a premuak Iberiar Penintsulako erregetzarekin batean, Indiak, Herbehereak, Frankoen Konderria, Milanaldea, Napoli eta Sizilia bereganatu zituen; bigarren adarra, bere aldetik, Fernando, Karlosen anaia buru zuela, enperadore egin zen, Altsazia, Suabiako eta Austriako dukerriak, Bohemia eta Hungariako zati bat beretu baitzituen. Lehen adarra ahitu zenean (1700), Vienako habsburgotarrek Herbehereak, Milanaldea, Napoli eta Sizilia berreskuratu zituzten; bai eta Hungaria osoa ere (1699), turkoen aurka borrokatu ondoren. 1736an Habsburgo-Lorrena dinastia berria sortu zen, Maria artxidukea Lorrenako Frantzisko dukearekin ezkondurik. 1804an Inperio Santuaren amaierari igarririk, Frantzisko II.ak Austriako enperadore izendatu zuen bere burua. Haren iloba Frantzisko Josefek hungariarren matxinadari buru eman behar izan zion, eta 1867an monarkia austro-hungariarra sortu zen. Alabaina, Italiatik (1859-1866) eta Alemaniatik (1866) alde egin behar izan zuten Habsburgotarrek. Karlos I.ak, azken enperadorea izan zenak, 1918an abdikatu zuen.