Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Greenpeace

Ingurumenaren aldeko borrokan diharduen nazioarteko erakundea, gobernuz kanpokoa. Bost milioi inguru bazkide ditu 160 bat herrialdetan. Estatu Batuetako ekintzaile talde batek sortu zuen 1971n, eta ordezkaritza eta bulego asko zabaldu ditu harrezkero munduan barrena. Ingurumenaren aldeko kanpainak sustatzeaz gainera, ikerkuntza zientifikoetan parte hartzen duten ongintzako erakundeak hartzen ditu, eta ingurumen arazoei buruzko heziketan aritzen da lanean. Bortxarik gabeko ekintzen bidez borrokatzen da Greenpeace ingurumenaren aurkako gehiegikerien aurka. Ekintzaileak, ekintza arriskutsuak eginez, herri iritzia ingurumen arazoez ohartarazten saiatzen dira. Hori lortzeko, saio nuklearrak egiten diren eremuetan sartu izan dira, isurkari toxikoen hodiak itxi dituzte, balearen eta hura ehizatzeko arpoiaren artean jarri dira, edota hondakin toxikoak itsasora zitzaten eragozten saiatu dira. Ekintza horien bidez lur azpiko saio nuklearrak eragotzi dituzte, Estatu Batuetan saio atomikoak egiten ziren gune bat itxi dute, Europar Batasunak foka larruen inportazioa debekatzea lortu dute, balearen arrantza eragozteko ahaleginak egin dituzte, eta hondakin toxikoak eta erradioaktiboak ez itsasoratzeko neurriak hartzen lagundu dute. Halaber, Antartikako mea baliabideen ustiapena eragozten saiatu dira. Gaur egun, eguratsaren berotzea geldiaraztea, baso eta ozeanoetako bioaniztasuna gordetzea (Amazonas ibaiaren hondamendia eragoztea, baleak eta izurdeak babestea), eta gai toxikoek eta energia nuklearrak eragiten dituzten arazoak konpontzea dira erakunde honen kezka nagusiak. Greenpeacek sei ontzi ditu bere itsas ekintzetarako; horietan famatuena Rainbow Warrior da. Lehen Rainbow Warrior ontzia 1985ean hondatu zuten, Aucklanden (Zeelanda Berrian), Frantziako zerbitzu sekretuko kideek.