Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Greer, Germaine

Australiar idazlea (Melbourne, 1939). Filosofia eta letretako ikasketak egin zituen. Gaztetandik kezkatu du emakumeak gizartean betetzen duen paperak. Doktoregoa lortu ondoren (1967), Warwickeko Unibertsitatean eskolak ematen hasi zen. Garai hartan, Ingalaterrako kontrakulturak eta rock musikak erakarri zuen. 1970ean Emakume eunukoa argitaratu zuenean emakumearen askapenari buruzko eztabaidetako abangoardian jarri zen. Liburuan familia tradizionalaren mekanismoak kritikatzen ditu eta boterea emakumeen eskuetan uztea proposatzen du; izugarrizko arrakasta izan zuen eta hizkuntza askotara itzuli zen. 1970eko hamarraldian, liburuaren irabaziekin, Asian eta Afrikan zehar bidaiatu zen. Bidaian bildutako materiala baliatuz emakume margolariei buruzko liburu bat idatzi zuen, Arrazazko eragozpena: emakume pintoreen fortuna eta beren obra (1979). 1979an, Tulsako Unibertsitatean (Oklahoma), poesia irakasle gisa hasi zen lanean. Emakumeek idatzitako literatura aztertzeko zentro bateko zuzendari ere izan zen, baina iritzi gorabeherak zirela-eta, lan hura utzi eta idazteari ekin zion berriro. Sexua eta patua: emankortasunari buruzko politika liburuan, mendebaldeak –erosotasunaren eta indibidualismoaren ikuspegitik begiratuta, eta mundua jendez gainez dagoela aitzakiatzat hartuta– garatze bidean diren herrialdeetako jaiotzak kontrolatzeko ezarritako metodoak kritikatu zituen. Feminista asko sutan jarri zituen liburuak, feminismoaren aurkako mezua zabaltzen ari zelakoan, baina idazleak gaizki ulertu zutela adierazi zuen. Beste lan batzuk: Aita, ia ezagutu ere ez zaitugu egiten (1989), Aldaketa garaia: emakumeak, zahartzaroa eta menopausia (1992).