Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Greene, Gladys

(Jean Arthur izenaz ezaguna). Estatubatuar zinema antzezlea (New York, 1905 - Carmel, Kalifornia, 1991). Argazkietarako modelo lanak egin ondoren, zineman John Forden Cameo Kirby (1923) filmarekin egin zuen debuta. Columbia etxeak kontratatu zuen, eta film soinudunak egiten hasi zirenean, komediaren generoan espezializatu zen. Zuzendaririk handienekin lan egin zuen: John Fordekin The Whole Town´s Talking (1934), Cecil B. De Millerekin The Plainsman (1936), Frank Borzagerekin History is Made at Midnight (1937), Mitchell Leisenekin Easy Living (1937), eta Frank Caprarekin Mr. Deeds Goes To Town (1936), You Can´t Take it With You (1938) eta Mr. Smith Goes To Washington (1939). Azken hauetan Gary Cooper eta James Stewartekin batera jardun zuen protagonista gisa. 1940ko hamarraldian film gutxiagotan parte hartu zuen: Billy Wilderren A Foreign Affair (1948), eta George Stevensen The Talk of Town (1942), The More the Merrier (1943) eta Shane (1953). Hori izan zen bere azken filma. Ondoren, telebistako zenbait programatan ere agertu zen.