Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

González, José Luis

Dominikar idazle eta kontalaria (Santo Domingo, 1926). Santo Domingon jaio zen, baina Puerto Ricon eta New Yorken bizi izan da besteak beste. Marxismoarekiko konpromisoaren eraginez erbestean bizi izan da, esaterako, Mexikon eta New Yorken. Gerora Errepublikako lehendakari izango zen Juan Bochen eskutik hasi zen idazten eta eman zuen argitara bere lehenengo ipuin bilduma, En la sombra (1943, Itzalean). Haren ondoren kaleratu zituen Cinco cuentos de sangre (1945, Bost ipuin odoltsu), El hombre en la calle (1948, Gizona kalean), En este lado (1954, Alde honetan) eta Paisa (1950, Paisa), 1955ean zuzendu eta izenburu berarekin berrargitaratu zuen kontakizun laburra, idazle handien mailara eraman zuena. Eskema marxistari jarraituz idatzitako obra da, langileen klasearen bizitza lazgarriari buruzkoa. 1973. urtean ipuin antologia bat argitaratu zuen, En Nueva York y otras desgracias (New Yorken eta beste zorigaitz batzuk). Azpimarratzekoak ditu Balada de otro tiempo (1978, Beste garai bateko baladak), La llegada (1980, Iritsiera) eleberriak; El país de cuatro pisos (1980, Lau solairuko herria) saiakera historikoa eta La luna no era un queso (1988, Ilargia ez zen gazta) memoria liburua.