Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

González Sinde, José María

Espainiar zinema ekoizle eta zuzendaria (Burgos, 1951 - Madril, 1992). Soinu eta Irudian lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Complutensean, eta ekoizpen ikasketak Zinemako Eskola Ofizialean egin zituen. Telesaio ugaritan ekoizle esperientzia handia jaso ondoren, filmak produzitzen hasi zen: José Luis Garciren Asignatura pendiente (1976), Solos en la madrugada (1977), Las verdes praderas (1978) eta Sesión continua (1984); Jordi Grauren Chicas de club (1970); José Luis García Sánchezen El love feroz (1973); Basilio Martín Patinoren Queridísimos verdugos (1975). Zuzendari lanak ere egin zituen, bi film luzetan: Viva la clase media (1980) eta A la pálida luz de la luna (1985). Bestalde, Espainiako Zinema, Arte eta Zientzietako Akademiako lehen presidentea izan zen, eta berak sortu zituen Goya sariak, zinemako espainiar sari nagusiak. Azken urteetan, Madrilgo telebista autonomikoko zuzendari nagusi izan zen, eta baita Madrilgo Udazkeneko Zinemaldiko zuzendari ere.