Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

González Vicén, Felipe

Espainiar pentsalari eta saiakera idazlea (Santander, 1908 - Tenerife, 1991). Filosofia eta letretako ikasketak egin zituen Madrileko Unibertsitate Complutensean, eta han, 1930eko hamarraldian, Ortegaren jarraitzaileen giroan ibili zen. Gerra zibila piztu zenean, Errepublikaren aurkako ideiak zituela-eta kartzelatu egin zuten. 1936an utzi zuten aske, baina gobernu frankista berriarekin ere arazoak izan zituen, bere pangermanismoagatik eta jatorrizko falangismoari egindako kritikengatik. 1940an, alemaniarrek hartutako Frantziara alde egin zuen, eta ondoren Alemaniara. Han, Berlineko Unibertsitatean, filosofiako ikasketak osatu zituen, Kant, Marx, Hegel eta Diltheyren obrak sakonduz. 1945ean, Bigarren Mundu Gerran alemaniarren porrota aurreikusita Espainiara itzuli zenean, Kanarietara erbesteratu zuten, baina La Lagunako Unibertsitateko (Tenerife) katedra eskuratu ahal izan zuen. Alemaniako Heidelberg Unibertsitatean ere noizbehinka eman zituen eskolak, alemaniar pentsamoldearen espezialista gisa. Hegel, Marx, Dilthey eta historizismoari buruzko saiakerak idatzi zituen, eta itzultzaile lanetan ere jardun zuen. 1978an erretiroa hartu zuenean, neokantismo, positibismo eta formalismoari buruzko azterketa lanak osatzeari ekin zion, eta baita Carl Schmidten obrari buruzkoak ere.