Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

George, Zelma Watson

Opera abeslari, musikologo eta diplomatiko afro-amerikarra (Hearne, Texas, 1903 - Cleveland, 1994). Bere bizitzan zehar hainbat lanetan jardun du eta hainbat alor landu ditu, baina kulturen arteko harremanak aztertzea eta sendotzen laguntzea izan da bere kezka nagusietako bat. Txikitan hainbat bidaia egin zituen familiarekin, eta Kanadan graduatu ondoren (1920) Chicagoko Enpresa Eskolan ikasi zuen, eta soziologiako titulua atera zuen 1924. urtean, Chicagoko Unibertsitatean. Musika ikasi zuen Hego-mendebaldeko Unibertsitatean eta ahots ikasketak egin zituen Chicagoko Kontserbatorioan. 1942. urtean musika afro-amerikarrari buruzko ikerketak egiteko beka bat lortu zuen, eta beka hari esker hainbat bidaia egin ahal izan zituen Estatu Batuetan barrena, harik eta 1944an Clevelanden kokatu zen arte. 1954an soziologiako doktoregoa lortu zuen New Yorkeko Unibertsitatean, musika beltzari buruzko tesi batekin. 1950. urtean hasi zen abeslari gisa ospea irabazten, Gian Carlo Menotti musikagileak Broadwayn bere The Medium operan abesteko aukeratu zuelarik. George izan zen Brodwayko opera amerikar batean protagonista papera abestu zuen lehenengo afro-amerikarra. Azkenik, karrera diplomatikoari dagokionez, beste hainbat karguz gainera, 1960. urtean Dwight D. Eisenhower lehendakariak Nazio Batuen batzarrerako ordezkari hautatu zuen, Estatu Batuetako ordezkari beltz bakarra. 1961ean Dag Hammarskjsld saria eman zioten nazioen arteko elkar ulertzearen alde egindako lanagatik.