Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

García Calvo, Agustín

Espainiar filosofo eta hizkuntzalaria (Zamora, 1926). Filologia klasikoko irakaslea izan da Sevillako eta Madrilgo Unibertsitateetan; 1965. urtean bere katedratik egotzi zutelarik, Frantzian bizi izan zen (Lilleko irakaslea izan zen), harik eta 1976an katedra berreskuratu zuen arte. Hizkuntzalaritzaz bildu dituen ezagutzen bidez hizkuntzari buruzko ikuspegi berezia zabaldu du, hizkuntzaren baliabideez eta paradoxez baliatuz, hizkuntzaren azterketa filosofikoa egin baitu. Bere filosofiaren arabera, hizkuntza gizarte errealitatea ezagutzeko baliabide bikaina da. Bere obretan boterearen kontrako erasoa eta anarkismoaren kutsua agertzen da. Hizkuntzaren erritmoa eta sekuentzia logikoen haustura aztertu ditu, besteak beste, Del lenguaje (1979, Hizkuntzaz) lanean besteak beste, eta azpimarratzeko moduko obrak ditu, halaber, Lalia. Ensayos de estudio lingüístico de la sociedad (1973, Lalia. Gizartearen ikerketa linguistikoa), Cartas de negocios de José Requejo (1974, José Requejoren negozioetako gutunak), Del ritmo del lenguaje (1975, Hizkuntzaren erritmoaz), De los números (1976, Zenbakiez), Historia contra tradición; tradición contra historia (1983, Historia tradizioaren aurrez aurre; tradizioa historiaren aurrez aurre), De tiempo de amor y olvido (1984, Maitasun eta ahaztura denboraz). Baina lan filosofiko eta hizkuntzalaritzaren ingurukoak ez ezik, itzulpen lan bikainak ere egin ditu, hainbat egile klasiko eta modernoren obrenak (Plauto, Platon, Sade, Virgilio, Shakespeare, Heraklito…). 1997. urtean Contra el hombre (Gizakiaren kontra) eta De Dios (Jainkoarena) eman zituen argitara, eta 1998an Avisos para el derrumbe (Gainbeherarako oharrak), gizarte egituren eta kontrol sistemen azterketa.