Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

García Bacca, Juan David

Nafar filosofoa (Iruñea, 1901 - Quito, 1992). Teologia, fisika eta matematika ikasketak sakontzera Lovainara joan zen. Bartzelonan filosofia ikasketak egin zituen. Gerra zibilaren ondoren, Espainiatik irten zen 1937an, Latinoamerikara erbesteratua, eta 1977an itzuli zen. 1991n argitara emandako autobiografian labur-labur adierazten zuen erbesteratze luzearen zergatia, “kontzientzia demokratikoak” eraginda alde egin zuela adieraziz. Franco hil ondorengo Amnistia Legeak itzuli zion gerra aurretik zeukan katedradun lanpostua nahiz eta, adinaren ondorioz, lanera itzuli gabe hartu erretiroa. 1977tik aurrera Espainian argitaratu zituen lan guztiak. Domina eta omenaldi ugari ere jaso zituen, horien artean Nafarroako Gobernuaren Urrezko Domina 1990. urtean. Urte horretakoa da, hain zuzen, García Baccari bizirik zela argitaratu zioten azkeneko lan handia: Filosofía de la Música. Garcia Baccaren obren artean aipatzekoak dira, halaber: Introducción a la logística, con aplicación a la filosofía y a las matemáticas (1934), Introducción a la lógica moderna (1936), Filosofía en metáforas y parábolas (1945), Nueve grandes filósofos contemporáneos y sus temas (1947), Siete modelos de filosofar (1950), Humanismo teórico, práctico y positivo según Marx (1966), Ensayos (1970), Metafísica natural estabilizada y problemática metafísica espontánea (1975).