Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

García Bellido García de Diego, Antonio

Espainiar biologo eta ikertzailea (Madril, 1936). Antonio García Bellido historialariaren semea. Biologiaren zientzietako ikasketak egin zituen, Madrilen, eta Espainiako Zientzia Ikerkuntzako Batzorde Gorenean sartzeko dirulaguntza jaso zuen ikasketak egin zituen urtean bertan, 1958an. 1962an, doktoregoa atera ondoren, atzerrira joan zen, ikasketak sakontzera. Leku askotan izan zen: Cambridgeko Unibertsitatean, Zuricheko Zoologia Institutuan, Kaliforniako Teknologia Institutuan, Kopenhageko Genetikakoan, Chicagoko Unbertsitatean, Sydneyko Unibertsitateko zelularen biologia sailean, eta Berkeleyko Unibertsitateko molekularen biologia sailean. 1969an, Espainiara itzuli zen, eta Molekularen Biologiaren Institutuan hasi zen lanean. Handik gutxira, Espainiako Zientzia Ikerkuntzako Batzorde Gorenak eskolak ematera deitu zuen, eta Genetika Institutuaren eta Molekularen Biologiaren Zentroko buru izendatu zuten. 1979an, Kimikako Nobel sarirako izendatu zuten. 1983an, Asturiasko Printzea saria jaso zuen, genetikari buruz egindako lanengatik. 1986an, Parisko Zientzia Akademiak saria eman zion, eta hurrengo urtean, Londresko Royal Societyko eta Washingtongo National Academy of Sciencesko kide izendatu zuten. 1995ean, Espainiako Hezkuntza eta Zientzia ministerioak Zientzia Ikerkuntzaren Santiago Ramón y Cajal saria eman zion.