Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

García Baena, Pablo

Espainiar olerkaria (Kordoba, 1923). 1947. urtean argitara ematen hasi zen Cántico aldizkariaren inguruan bildutako taldeko kidea izan zen Juan Bernier, Ricardo Molina, Julio Aumente eta Mario Lópezekin batera. Talde hark estetika barroko andaluziar moduko bat sortu zuen, balio liriko garbiak nabarmenduz eta zentzuen sentimenean oinarriturik. García Baenaren olerkigintzan etengabe agertzen dira maitasunaren, heriotzaren eta saminaren gaiak; gai horien inguruan osatu du bere obra, hain zuzen ere, olerki luzeak eta barrokoaren eta sinbolismoaren arteko adierazmolde poetikoa erabiliz. Bere lehen liburua Rumor oculto (1946, Zurrumurru ezkutua) izan zen. Obra elegiakoa da, eta Juan Ramón Jiménezen kutsua nabari du. 1948an Mientras cantan los pájaros (Txoriak kantari ari diren bitartean) obra argitaratu zuen, molde klasikoetatik aske idatzitako bertsoez eta adierazmolde preziosista erabiliz osatua. Haien ondotik idatzi zituen Antiguo muchacho (1950, Aspaldiko mutila), olerkariaren lehen heldutasun aroaren erakusgarritzat hartua, eta Óleo (1958, Olioa), aurreko lanetako joeraren aurrean damua erakusten duena. Eta handik urte batzuetara idatzi zituen Almoneda (1971, Enkantea) bilduma eta Antes que el tiempo acabe (1978, Denbora amaitu aurretik), García Baenaren hizkera poetikoan berrikuntza nabarmenak erakusten dituena, sakontasunari dagokionez batez ere. Azken urteetako obretan, azpimarratzekoak dira Gozos para la navidad de Vicente Núñez (1984, Vicente Núñezen gabonetarako atseginak), Fieles guirnaldas fugitivas (1989, Xingola leial iheslariak) eta Poesía completa 1940-1997 (1998, 1940-1997 bitarteko olerki guztiak).