Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

García Damborenea, Ricardo

Espainiar politikaria (Madril, 1940). Medikuntza ikasketak egin zituen, baina 1980. urteaz gero politikagintzan jardun zuen. PSOE alderdiko kide izan da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan hainbat kargu politikoren ardura izan du, besteak beste Eusko Legebiltzarrean eta Espainiako Diputatuen Kongresuan. 1987an euskal epaileek ETAren eta Herri Batasunaren alde jokatzen zutela salatu zuen, eta adierazpen horien ondorioz dimisioa eman behar izan zuen. PSOEren barruan joera bat sortu zuen, “Democracia Socialista” izenekoa, gobernu sozialistaren politika sozialaren eta ekonomikoaren kontrako iritzia azaldu zuena eta sindikatuekin liskarrak sortu izana gobernuari leporatu ziona. PSOEko buruzagitzak Democracia Socialista desegiteko eta Damborenea alderditik kanporatzeko erabakia hartu zuen. García Damboreneak bere alderdia sortu zuen, baina hauteskundeetan arrakastarik lortu ez zuenez, alde batera utzi zuen politika 1994 arte. Urte hartan Partido Popular alderdian sartu zen. Damborenea GAL talde armatuko kidetzat eta Segundo Mareyren bahiketaren erantzuletzat salatua izan da.