Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Garci, José Luis

Espainair zinemagilea (Madril, 1944). Lehenago film laburrak eta egin bazituen ere, Garciren lehen film arrakastatsua Asignatura pendiente (1977) izan zen. Filmetan bere belaunaldiari buruzko gogoeta ugari azaleratzen du, frankismoaren garaiko gizartearekin zerikusia dutenak. Halakoa da Solos en la madrugada (1978, Bakarrik goizaldean) esaterako, edo Las verdes praderas (1979, Belardi berdeak). Oscar saria eman zioten Volver a empezar (1982, Berriz hasi) lanarengatik, eta lehenengoa izan zen, gainera, espainiar film bati ematen zitzaiona. Beste film batzuk: El crack (1980), El crack II (1983), Sesión continua (1984) eta Asignatura aprobada (1987). 1990eko hamarraldian telebistarako lan egin zuen, espainiar zinemagintzaren krisia zela eta, baina 1994an hasi zen berriro zinema zuzentzen, Canción de cuna (Sehaska kanta) filmarekin, zeinarekin irabazi baitzituen bost Goya sari, eta 1997an La herida luminosa (Zauri argitsua) zuzendu zuen. 1998an El abuelo (Aitona) filma estreinatu zuen, eta 2000. urtean You Are the One. Behin baino gehiagotan izendatu dute Oscar sarirako.