Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Garcés, Tomás

Katalan olerkari eta kazetaria (Bartzelona, 1901 - Bartzelona, 1993). Legeak ikasi zituen arren, kazetaritzan eta literaturan jardun zuen buru-belarri. Kazetaritzari dagokionez, hainbat aldizkari eta argitaldarirentzat lan egin zuen, adibidez, La Publicitat, Revista de Catalunya eta Serra d'Or. Halaber, Quaderns de Poesiaren sortzaile izan zen. 1922. urtean Vint cançons (Hogei abesti), Juan Ramón Jiménezen eragina nabarmen agertzen duen obra, eman zuen argitara. Joera horri berari jarraituz idatziak dira, orobat, L'ombra del lledoner, 1924; El Somni (1927, Ametsa), Paradís (1931, Paradisua) eta El senyal (1935, Seinalea). Geroagoko obretan aipagarriak ditu Viatge d'octubre (1955, Urriko bidaia), Quaderns de la Selva (1962, Oihaneko liburuak, hitz lauz idatzitako obra) eta Plec de poemes (1972, Poema bilduma). Bestalde, kritika literarioko liburuak eta saiakerak ere idatzi zituen, esaterako Paisatges i lectures (1926, Paisaiak eta irakurgaiak), Notes sobre poesia (1933, Poesiari buruzko oharrak) eta Sobre Salvat-Papasseit y otros escritos (1972, Salvat-Papasseiti buruz eta beste zenbait idatzi).