Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fozio, santua

Bizantzioko elizgizona, eliza ortodoxoko santua (Konstantinopla, 820 - Konstantinopla, 895). Migel III.ak Konstantinoplako aitalehen izendatu zuen 858an, Ignazioren ordez, baina Nikolas I.a Aita Santuak eskumikatu eta kargutik bota zuen (863). Foziok 867an Konstantinoplan bildu zen kontzilioaren bidez Aita Santua eskumikatuz erantzun zion (Fozioren zisma). Basilio I.a enperadoretzara heltzean, kargutik kendu zuen eta berriro Ignazio jarri, eta Konstantinoplako IV. kontzilio ekumenikoak (869-870) kondenatu zuen. Ignazio hiltzean (877), berriro aitalehen izendatu zuten, eta harreman onak izan zituen harrezkero Erromarekin. Hala ere, beti ortodoxiaren aldeko sutsu agertu zen Erromaren aurrean, eta haren jarrera hartu zuten ortodoxoek eredutzat XI. mendean eliza ortodoxoa Erromatik banatu zenean. Berak eratu zuen Zirilo eta Metodioren misioa eslaviarren artean (862-863). Bere obra nagusiak: Myrobiblion edo Biblioteka, Amphilochia, Manikeoen kontra, Izpiritu Santuari buruzko saiakera.