Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eysenck, Hans Jurgen

Britainiar psikologoa, jatorriz alemaniarra (1916-1996). Alemania, Frantzia eta Erresuma Batuan ikasi zuen eta Londresko Unibertsitatean atera zuen doktoregoa. Hiri hartan igaro zituen bere bizitzako urte gehienak; 1942-1945 artean psikologo gisa jardun zuen Mill Hill Emergency Hospitalen, eta 1945etik aurrera Londresko Unibertsitateko Maudsley erietxeko Psikiatria Institutuan egon zen. Izaerari buruz egindako ikerketek eman zioten ospea, eta bere izena daraman "izaeren inbentarioa" edo sailkapen sistema asmatu zuen, Jungen teorietan oinarriturik. Garrantzi handia eman zien izaera ezaugarritzen duten eragile biologikoei, eta izaera mota bakoitza ezaugarritzen duten eragile fisikoak antzematen ahalegindu zen. Izaera aztertzeko eta adimena neurtzeko hainbat saio asmatu zituen, psikologia genetikoan oinarrituak. Bere ikerketei kritika asko egin zizkioten, determinismo biologikoa muturrera eramaten zuela-eta. Bestalde, neurosiaren tratamenduan terapia konduktista erabiltzen aitzindaria izan zen. Eysenckek 50 lanetik gora argitaratu zituen, besteak beste, Dimensions of personality (1947, Nortasunaren dimentsioak), The biological basis of personality (1967, Nortasunaren oinarri biologikoak), The measurementt of personality (1976, Nortasunaren neurketa) eta Personality and individual differences (1985, Nortasuna eta banakako diferentziak).