Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ez Dok Amairu

Euskal kantari taldea. 1966an sortu zen, urte bete lehenago bilerak egiten hasi baziren ere. Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta Lourdes Iriondo izan ziren lehen kideak. Geroago Artze anaiak, Xabier Lete, Julen Lekuona, eta Irigaray anaiak, besteak beste, sartu ziren. Taldearen bultzatzaile izan ziren Nemesio Etxaniz eta Jorge Oteiza. Azken horrek asmatu zuen Ez Dok Amairu izena, herri ipuin batetik hartua. Katalunian Nova Canço delako taldeak egiten zuena egitea izan zen helburu nagusia: euskal kantagintza modernoa sortzea, kantutegi zaharrean oinarri hartuta, garaiko musikari leihoak zabalduz. Hasieran kantari bakoitzak bere kantuak abesten zituen bakarka, baina 1970ean Baga, Biga, Higa ikuskizuna antolatu eta Portugaleten eman zuten lehen aldiz jende aurrean; handik aurrera herriz herri ibili ziren, harik eta 1972an taldea desegin zen arte.