Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dorst, Jean

Frantses zoologoa, ornitologian espezializatua (Altsazia, 1924 -  Paris, 2001). Parisko Historia Naturaleko Museo Nazionaleko irakasle eta zoologiako laborategiko zuzendari izan zen. Museo horretako zuzendari ere izan zen 1976-1985 urteen bitartean. 1973an Zientzia Akademiako kide hautatu zuten. Hainbat lan idatzi zituen historia naturalari buruzkoak: l'Univers de la vie (1975, Bizitzaren unibertsoa), la Force du vivant (1979, Biziaren indarra). Eta batez ere, txoriei buruzkoak: les Migrations des oiseaux (1956-1962, Txorien migrazioak), la Vie des oiseaux (1972, Txorien bizitza), les Oiseaux ne sont pas tombés du ciel (1995, Txoriak ez dira zerutik erori). Bere lan nagusia Avant que nature meure (Natura hil baino lehen) lana da, 1965ean argitaratua eta hamazazpi hizkuntzatara itzulia. Lan horretan Jean Dorstek gizakiaren jarduerek izadian eragin dituzten hondamen guztiak aipatzen ditu, hasi desagertu diren edo desagertzeko dauden animalietatik eta kutsadura arte. Lan hori oso lagungarria izan zen higikunde ekologistaren sorrerarako.