Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

De Waelhens, Alphonse

Belgikar filosofo neoeskolastikoa (Anberes, 1911- Lovaina, 1981). Logika, epistemologia eta filosofiaren historiako irakaslea izan zen, Lovainan. Filosofiaren historiari buruzko lan asko egin zituen, baina filosofia autonomo bat ere garatu zuen. Teoria fenomenologikoen ezagutzaile aparta zen, Husserlena batez ere; berarentzat, izatearen zertarakoa bere sustraitze historikoan aztertzea da filosofia, bizitako esperientzia hausnartutako esperientzia bihurtzeko, eta bizitzeak izateko arrazoiaren bat izateko. Bere obra teoriko nagusia Filosofia eta esperientzia naturalak da (1961). Bestalde, arreta handiz aztertu zuen zoramena eta eritasuna Psikosia. Interpretazio analitiko eta existentzialaren saiakera liburuan (1972). Ikerketa lan horretan oinarri harturik, De Waelhensek zioen ez dela posible antropologia filosofikorik inkontzientearen eta eritasunaren oinarrizko erreferentziarik gabe. Beste zenbait lan aipagarri: Izatea eta esanahia (1958), M. Heideggerren filosofia (1942), Anbiguotasunaren filosofia bat. M. Merleu-Pontyren existentzialismoa (1951), Fenomenologia eta egia. Husserl eta Heideggerren egiaren ideiaren bilakaerari buruzko saiakera (1953), eta Fenomenologiaren esanahia (1954).