Departamento de Cultura y Política Lingüística

Richmond

Estatu Batuetako ekialdeko hiria, Virginiako estatuko hiriburua, James River ibaiaren bokalearen hasieran. 219.056 biztanle (796.100 biztanle ditu Richmond-Petersburg hiriguneak). Monumentu ugari ditu, Thomas Jefferson-en Capitol, besteren artean. Merkataritza eta industriagune garrantzitsua da: tabakoa, kimika eta janari industria, papergintza. Unibertsitateak eta museoak, Edgar Allan Poe museoa, besteren artean. v Historia. Estatu Batuetako hiri zaharrenetakoa da Richmond. 1637an sartu zen lehen kolonia, eta 1644an eraiki zen Fort Charles izeneko bizilekua. 1733an hartu zuen Richmond izena, eta 1779an bihurtu zen Virginiako estatuko hiriburu. 1781ean britainiarrek erabat ezabatu zuten eta handik hurbil, Yorktown-go hirian, nagusitu ziren Ipar Amerikako independentziazaleak ingeles gudarostearen aurrean, Independentziaren aldeko azken guduan (1781eko abuztua-urria). Hegoaldeko estatuetako hiriburua izan zen 1861-1865. urteetan eta 1865ean iparraldeko yankee-en eskuetan geratu zen, setio luze baten ondoren. Estatu Batuetako tabako hiri nagusietako bat izan da ordudanik.