Departamento de Cultura y Política Lingüística

Richler, Mordecai

Kanadako idazlea (Montréal, 1931). Familia judu batean sortu zen. Montréal-go unibertsitatean egin zituen ikasketak. 1951-1952. urteetan Parisen egon zen, eta han idazle existentzialistak ezagutu zituen. Joera horretakoa da bere lehen eleberria, The Acrobats (1954, Akrobatak). Espainian eta Ingalaterran egon ondoren, Montréal-era itzuli zen 1970ean. Haurretako urteetan jasandako behartasuna eta antisemitismoa eraman ditu bere eleberrietara, umore garratzez, eta kulturen arteko komunikazioak (eta komunikazio ezak) dakartzan arazoak aztertu ditu bereziki. Obra nagusiak: Son of Smaller Hero (1955), A Choice of Enemies (1957), The Apprenticeship of Duddy Kravitz (1959), The Incomparable Atuk (1963), Cocksure (1968), St. Urbains Horsemen (1971). Umorezko saiakerak (1974, Notes on an Endangered Species and Others) eta haurrentzako liburuak ere (1975, Jacob Two-Two Meets the Hooded Fang; 1987, Jacob Two-Two and the Dinosaur) argitaratu ditu.