Informazio orokorra-zerga erregimenea
ZERGA-ARAUDIA IZATEZKO BIKOTEEI BURUZKO EUSKAL LEGEAN
Izatezko bikoteak arautzen dituen maiatzaren 7ko Eusko Legebiltzarreko 2/2003 Legearen 10. artikuluak ezartzen du "Euskadiko Autonomia Erkidegoko eskumen arautzaileen esparruan, zergei dagokienez, parekatu egingo direla izatezko bikoteak eta bikote ezkonduak".
Honi dagokionez, EAEko Lurralde Historiko bakoitzeko Batzar Nagusiek -Kontzertu Ekonomikoak euren Zerga Sistema gordetzeko, ezartzeko eta arautzeko eskumena eman die- euren foru-arau propioak egin dituzte.
Bizkaian 8/2003 Foru Araua, urriaren 30ekoa, aplikatzen da; Araban, 22/2003 Foru Araua, abenduaren 19koa; eta Gipuzkoan, 20/2003 Foru Araua, abenduaren 15ekoa.
ZERGEI BURUZKO FORU-ARAU OROKORRA
- Zerga-administrazioari informazioa eman behar ez izateko, notaritza-protokoloari buruzko sekretuaren aplikazio-eremuan izatezko bikoteen kasuak ere hartu dira barne, izatezko bikotearen ondasun-erregimen ekonomikoari buruzko kasuak salbu.
- Izatezko bikoteko beste kideari ondasunen bahitura-jardunaren berri emateko betebeharra zabaldu da ondoko kasuetarako: bahitura-jarduna irabazizkotzat jotzen direnen gainekoa denean edo bikotearen ondasun-erregimen ekonomikoa ondasunen foru-komunikaziokoa denean.
PFEZ
- Errenta lortu izana hura lortzeko iturriaren arabera hartuko da kontuan, izatezko bikotearen ondasun-erregimen ekonomikoa edozein izanik ere.
- Etekinen indibidualizaziorako arauak zabaldu dira ezkontza osteko komunitateei dagokienez. (Bizkaiaren kasuan)
- Izatezko bikotearen beste kidea estaltzen duten gaixotasun-aseguruetako primak ez dira gauzazko ordainketatzat hartuko.
- Ezkontideak edo izatezko bikotekideak ordaindutako konpentsazio-pentsioak ere ez dira gauzazko ordainketatzat hartuko.
- Izatezko bikotearen ondare-erregimen ekonomikoak ez du eraginik ondare-elementuak jarduera ekonomikoei atxikitzat edo ez-atxikitzat hartzeko.
- Nahiz eta bertan hiru urtez bizi ez, ohiko etxebizitzak ohiko etxebizitza izateari uztea eragiten ez duten arrazoiei dagokienez, ezkontzetarako aurreikusitako araudi berberaren eraginpean egongo dira.
- Izatezko bikotearen ondare-erregimen ekonomikoa iraungitzean ez dago ondare irabazirik edo galerarik, betiere ondoko erregimenetako bat bada: irabazizko ondare-sozietatea, parte-hartzeko erregimena, edo (Bizkaiaren kasuan) ondasunen foru-komunikazioa.
- Ondare-irabaziaren salbuespena, izatezko bikotearen beste kideari enpresak eskuordetzean, bikote ezkonduentzako baldintza berberetan.
- Ez da zergapetuko legez ezarritako edo ebazpen judizialen bidezko esleipenen ondoriozko ondare-irabazia, konpentsazio-pentsioa ez den ondare-irabazia alegia, izatezko bikoteak ondasun-banaketako ondasun-erregimen ekonomikoa duenean.
- Foru-komunikaziopean egondako ondasunen balioa eta erosketa-data ezkontzetarako araudi berberaren eraginpean egongo dira ondasunen foru-komunikazioko ondare-erregimen ekonomikoa duten izatezko bikoteen kasuan. (Bizkaian)
- Nazioarteko zerga-gardentasuna aplikatuko da, izatezko bikoteko kideek emaitzen kapitalaren edo botorako eskubideen %50etik gorako parte-hartzea dutenean entitate ez egoiliarrean.
- Izatezko bikoteko beste kidearen aldeko konpentsazio-pentsioak barne hartu dira PFEZren zerga-oinarri orokorra murrizteko eskubidea ematen duten pentsioen artean.
- Izatezko bikoteak barne hartu dira ondokoetan ekarpenak egiteagatik zerga-oinarriaren murrizketa aplikatzeko eskubidea ematen duten kasuetan: Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko entitateak, Pentsio Planak, Gizarte Aurreikuspeneko Mutualitateak eta Aseguratutako Aurreikuspen Planak, betiere zergadunaren beraren aldekoak ez badira.
- Izatezko bikoteak barne hartu dira ezintasunagatiko kenkarirako eskubidea ematen duten kasuen artean.
- Ohiko etxebizitza alokatzeagatiko, finantzatzeagatiko eta bertan inbertitzeagatiko kenkariak onartzen dira, izatezko bikotea desegin egin dela-eta, bi kideetako batek izatezko bikoteko beste kidearen ohiko etxebizitzaren alokairuaren zenbateko osoa edo horren zati bat ordaindu behar duenean.
- Izatezko bikoteak barne hartu dira enpresan langileen parte-hartzea sustatzeko kenkaria aplikatzeko baldintzetan.
- Baterako tributaziorako eskubidea duten familia-unitateen moten artean ondokoak hartu dira barne: izatezko bikoteko bi kideak, eta hala badagokio, eurekin bizi diren ondorengo komun adingabeak edo bietako baten ondorengo adingabeak, edo adindu ezinduak, edo baita izatezko bikoteko harreman baten ondoriozko guraso bakarreko familia-unitateak ere.
- Izatezko bikoteak barne hartu dira bikoteko beste kideak PFEZren inguruan dituen zerga-zorrengatiko ondare-erantzukizunerako arauetan, betiere izatezko bikoteak ondoko ondare-erregimen ekonomikoak baditu: irabazizko ondare-sozietatea edo irabazitako ondasunen foru-komunikazioa.
- Izatezko bikoteak barne hartu dira baliaezintasunak dituzten pertsonen alde eginiko aurrezki eta aurreikuspeneko tresnetan ekarpenak egiteagatiko zerga-oinarriaren murrizketaren aplikazio-eremuan.
ONDAREAREN GAINEKO ZERGA
- Izatezko bikoteak ezkonduekin parekatuta barne hartu dira ekonomia-jarduerei atxikitako ondare-elementuak eta entitateetako parte-hartze jakinak Ondarearen gaineko Zergan salbuesteari dagokionez.
- Izatezko bikoteak bikote ezkonduekin parekatu dira Ondarearen gaineko Zergarako ondare-elementuen titulartasun-arauei dagokienez.
EZ-EGOILIARREN ERRENTAREN GAINEKO ZERGA
- Izatezko bikoteak barne hartu dira bikoteko beste kideak PFEZren inguruan dituen zerga-zorrengatiko ondare-erantzukizunerako arauetan, betiere izatezko bikoteak ondoko ondare-erregimen ekonomikoak baditu: irabazizko ondare-sozietatea edo irabazitako ondasunen foru-komunikazioa (Bizkaian).
OINORDETZEN ETA DOHAINTZEN GAINEKO ZERGA
- Ondasunen foru-komunikazioa desegin dela-eta izatezko bikoteko beste kideari eginiko esleipenak zergari ez-lotutzat hartuko dira. (Bizkaian)
- Kontuan hartuko da izatezko bikoteko kideen artean ez dela dohaintza bat egin dohaintza-hartzaileren ondarea gehitzearekin batera dohaintza-egilearen ondarea murriztu dela frogatu ezin denean.
- Izatezko bikoteentzat ere barne hartu da jaraunspen-eskuratzeengatiko, dohaintzagatiko edo bizitza-aseguruak kobratzeagatiko ezkontideentzat dagoen salbuespena.
- Izatezko bikoteak ezkontideekin parekatu dira jaraunspenari ondasunak eransteari dagokionez, Oinordetzen eta dohaintzen gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren 11. artikuluan arauturiko eransteak, alegia.
- Kausatzaileak utzitako zorrak ez dira kentzekotzat hartuko hartzekoduna izatezko bikoteko beste kidea bada.
- Izatezko bikoteak bikote ezkonduekin parekatu dira, eta, beraz, izatezko bikotea osatzearen ondorioz ezkontzazko ahaidetasunaren antzeko harremana duten pertsonak ere bai, jaraunspen eta bizitza-aseguruetarako ahaidetasunagatiko zerga-oinarriaren murrizketei dagokienez.
- Testamentu-ahalmenaren eraginpeko jaraunspena kitatzerakoan izatezko bikoteko beste kidea ezkontide alargunduarekin parekatu da.
- Izatezko bikotea barne hartu da jaiotetxeko edo baserriko ondasunen eta hari lotutako ondasunen kasuan gehiegizko esleipenik ez dagoela aintzat hartzeko bide ematen duten arauetan.
- Zerga-administrazioari informazioa eman behar ez izateko, notaritza-protokoloari buruzko sekretuaren aplikazio-eremuan izatezko bikoteen kasuak ere hartu dira barne, izatezko bikotearen ondasun-erregimen ekonomikoari buruzko kasuak salbu.
SOZIETATE-ZERGA
- Izatezko bikoteko kideak eta ezkontideak parekatu dira, Sozietate Zergari buruzko 3/1996 Foru Arauaren 16. artikuluan xedaturikoaren arabera lotura duten pertsonen eta entitateen arteko operazioak aintzat hartzeari dagokionez.
- Izatezko bikoteak bikote ezkonduekin parekatu dira, entitate bat ondare-sozietateen erregimen bereziaren menpeko sozietatetzat hartzeari dagokionez.
NEKAZARITZA-USTIATEGI JAKIN BATZUEI BURUZKO ZERGA-ERREGIMENAREN GAINEKO FORU-ARAUA
- Bizkaian lehentasunezko nekazaritza-ustiategien eskualdatzeari edo eskualdatzearen ondorioz nekazaritza-ustiategi bihurtutakoei dagokien zergaren %100eko kenkaria hartu da barne, baldin eta izatezko bikoteko beste kideak eusten badio jarduerari.
- Gipuzkoan, %90eko kenkaria aplikatuko da
- Ez da ezer aipatu Arabari buruz.
ONURA PUBLIKOKO FUNDAZIOEN ETA ERAKUNDEEN ZERGA-ERREGIMENARI ETA INTERES OROKORREKO JARDUERETAN PARTE-HARTZE PRIBATUA SUSTATZEKO ZERGA-PIZGARRIEI BURUZKO FORU-ARAUA
- Ez da irabazi-asmorik gabeko entitatetzat hartuko hartzaile nagusitzat izatezko bikoteko kideak dituen entitatea.
- Irabazi-asmorik gabeko entitate bati dohaintzan emateko eskaintzarako arte-obrak erosteagatiko kenkaritik izatezko bikoteko kideek eginikoak salbuetsi dira.
ONDARE-ESKUALDATZEEN ETA AGIRI BIDEZKO EGINTZA JURIDIKOEN ZERGA
- Izatezko bikoteak hartu dira barne ekarpenen eta esleipenen salbuespenean, euren izatezko bikote-harremanaren ondoriozko ondare-sozietatearen onurarako eurek eginiko gehiegizko esleipen jakin batzuk barne.
HIRI-LURREN BALIO-GEHITZEAREN GAINEKO UDAL-ZERGA
- Izatezko bikote-harremanaren ondoriozko ondare-sozietateari izatezko bikoteko kideek eginiko ekarpenen eta esleipenen kasuak ez dira zergapetu.
- Izatezko bikoteak ere hartu dira barne udalerri bakoitzeko zerga-ordenantzek lursailak eskualdatzeagatiko edo jabetza murrizten duten eskubideak eratu edo eskualdatzeagatiko zergan %95erainoko hobaria emateko aukeran, betiere eskualdatzailea hil dela-eta aipaturiko izatezko bikoteko beste kide bati irabazpidez eginiko eskualdatzeak badira.