Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila

Izatezko bikoteak

EAEko Izatezko Bikoteen Erregistroaren aurrez aurreko arreta (agerraldi-izapidea egiteko soilik)

Ekainaren 22tik aurrera, EAEko Izatezko Bikoteen Erregistroko administrazio-unitateak –Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetakoak– herritarrei aurrez aurreko arreta eskaintzen hasiko dira berriro, baina BAKAR-BAKARRIK egintza hauek erregistroan inskribatu aurretiko agerraldi-izapidea egiteko:

  • Izatezko bikotea eratzeko deklarazioa.
  • Aurreko inskripzioak ezereztu (alde biek adostuta edo alde bakarrak erabakita).
  • Izatezko bikotearen ekonomia- eta ondare-harremanak arautzen dituen ituna aurkeztu, aldatu edo ezabatu.

Agerraldi-izapidea ALDEZ AURRETIK HITZORDUA jarrita soilik egingo da; eskaera kudeatzeko eta izapidetzeko eskumena duen administrazio-unitateak emango dio hitzordua bikoteari edo interesdunari.

Inola ere ez da aurrez aurreko arretarik emango kontsulta-izapideak egiteko edo informazioa emateko, ezta eskabideak edo dokumentazioa aurkezteko eta erregistratzeko ere.

Eskabideak edo dokumentazioa erregistratzeko izapideen aurrez aurreko arreta Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan emango da (Zuzenean), baldin eta aldez aurretik hitzordua eskatu bada. Honela jar daiteke hitzordua:

  • Helbide elektroniko honetara idatzita: https://www.euskadi.eus/cita-previa-zuzenean.
  • Herritarrei arreta emateko 012 telefonora deituta.

Era berean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan egin ahal izango dira izapide horiek; besteak beste, posta-bulegoetan aurkez daiteke eskabidea.

Eta informazio-eskaerak eta kontsultak bideratzeko, 012 telefonoa, Telegram (688 671 234) edo euskadi.eus harremanetarako postontzia erabiltzen jarraituko da.

AGERRALDI-IZAPIDEA

Agerraldi-izapideak 08:30etik 14:00etara egingo dira.

Izapide hori betetzeko hitzordurako ezarri den orduan egon beharko dute bikotekideek edo interesdunak EAEko Izatezko Bikoteen Erregistroko administrazio-unitatearen mahaian.

AGERRALDI-IZAPIDEA BETETZEKO OHARRAK

Agerraldi-izapidea egin ahal izateko, nahitaezkoa da bikotekideek edo interesdunak aldez aurretik honako hauek betetzea:

  • Maskara derrigor erabili behar da, salbu eta, maskaren nahitaezko erabileraren araudian xedatutakoa aplikatuz, erregistroan agertu behar duen pertsona betebehar hori betetzetik salbuetsita badago.
  • Salbuetsita egoteko arrazoiak behar bezala egiaztatu behar dira.
  • Osasun-arloko agintarien jarraibideen arabera, EAEko Izatezko Bikoteen Erregistroaren instalazioetan une oro errespetatuko da pertsonen arteko gutxieneko segurtasun-tartea (1,5 metro), bai eta COVID-19 koronabirusaren hedapena eta transmisio komunitarioa saihesteko ezarrita dauden higiene-neurriak ere.
  • Nork bere boligrafoa eraman behar du.
  • Garaiz iritsi behar da hitzordura, ezarritako egunean eta orduan; bestela, hitzordua galdu eta beste bat eskatu beharko da.
  • Erregistroko instalazioetara joaten den bikotekide edo pertsona orok bere burua identifikatu beharra dauka:
    • Iristean, eraikinean sartu baino lehen, segurtasuneko langileen aurrean, horretarako gaituta dagoen tokian (erregistroko administrazio-unitateak emandako hitzorduaren egiaztagiria eraman beharko da).
    • Ondoren, erregistroko langileen aurrean, nortasuna egiaztatzeko agiria erakutsita, aise ikusteko moduan, baina eskura entregatu gabe.
  • Izapidea amaitu ondoren, ezingo da egon ez erregistroko instalazioetan, ez eraikinaren barruan.
  • Nolanahi ere, une oro jarraitu beharko zaie gaitutako langileen edo segurtasuneko langileen jarraibideei, bai erregistroko instalazioetan, bai eraikinaren barruan.

OHARRA: agerraldia egintza guztiz pertsonala da.

Beraz, agerraldia betetzeko, honako hauek soilik bertaratu behar dira: izatezko bikotea eratzeko deklarazioa inskribatzeko edo izatezko bikotearen ekonomia- eta ondare-harremanak arautzen dituen ituna aurkezteko, aldatzeko edo ezabatzeko interesa duten pertsonak, eta, hala badagokio, izatezko bikotea eratzeko deklarazioaren inskripzioa ezerezteko interesa dutenak (ezereztea alde bakarrak erabaki badu, interesdun bakarra agertuko da; alde biek adostu badute, berriz, biak agertuko dira).

Horrenbestez, agerraldi-izapidean ez da onartuko ez lekukorik, ez aurrez adierazitako pertsonaz bestelakorik.