Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Seme-alabak dituzten familientzako hileko laguntzak

  • Seme-alabak dituzten familientzako laguntzak Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoak dira, seme-alabak jaiotzen direnetik edo familiara iristen direnetik eta bizitzako lehen urteetan hazten eta mantentzen laguntzeko.
  • Laguntzak hileko ordainketen bidez ematen dira, betiere baldintzak betetzen badira, eta atzeraeraginezko ondorioak ditu (hau da, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera ordaintzen da, edo dagokionetik).
  • Zenbatekoak

    200 euro hilean 0-4 urteko seme-alaba bakoitzeko.

    100 euro hilean 4-7 urteko seme-alaba bakoitzeko, hiru seme-alaba edo gehiago dituzten familientzat eta guraso bakarreko familientzat.

    • Seme-alabak % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna edo mendetasuna aitortuta badu, laguntzen zenbatekoa bikoiztu egingo da.
    • Ordainketa bakarreko aparteko laguntza dago erditze anizkoitzen, adopzio nazional anizkoitzen, tutoretza edo zaintza-eskuordetza anizkoitzen (harrera nahiz adopzio-helburuko zaintza), eta nazioarteko adopzioen kasuan. 

Baldintzak laguntza eskatzean bete behar dira, eta ebazpena eman arte eta laguntzak irauten duen bitartean mantendu behar dira.

  • Onuraduna familia-unitatea osatzen duen ama edo aita izan daiteke, alabaren edo semearen zaintza eta jagoletza duena. Zaintza eta tutoretza eskuordetzen diren kasuetan, eskatzaileak izan behar du zaintza, administrazio-ebazpen bidez aitortua.

Onuradunak laguntza eragin duen semearen edo alabaren zaintza eta jagoletza mantendu beharko ditu laguntza kobratzen duen aldi osoan.

  • Eskatzaileak benetan bizi behar du Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean eta bertako erroldan egon behar du: eskaera egin aurreko urtean gutxienez, edo azken 10 urteetan 5 urtez jarraian erroldatuta egon dela egiaztatu behar du.
  • Eskatzaileak laguntza eragin duen alabarekin edo semearekin erroldatuta egon beharko du, baita familiaren osaera zehazteko zenbatzen diren seme-alaba guztiekin ere, hala badagokio. Zaintza partekatuko kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoan zaintza eta jagoletza duen edozein gurasorekin erroldatuta egon daiteke.

Salbuespen gisa, elkarrekin erroldatuta egoteko betekizuna aldi bakar batean behin baino ezin da hautsi: 30 egun natural arte, laguntza indarrean dagoen bitartean; 60 egun arte, genero-indarkeriaren biktima dela egiaztatzen bada.

  • Guraso bakarreko seme-alabak bezala hartzen dira Eusko Jaurlaritzaren guraso bakarreko familien erregistroan daudenak (ez dira barne hartzen "guraso bakarreko egoeran" inskribatuta dauden familiak).
  • Familiaren seme-alaba kopurua zenbatzeko, 26 urtetik beherako pertsona guztiak hartuko dira kontuan, baldin eta elkarrekin bizi badira eta ekonomikoki mendekoak badira

 

Laguntzaren luzapena ez da automatikoki egingo. 

Garrantzitsua (irakurri arretaz): jarraian, eskaera noiz aurkeztu behar den azaltzen da, aurreko 27/2023 Dekretuaren arabera emandako edo eskatutako laguntzaren egoeraren arabera. 

  1. 0-3 laguntzak amaitu dituzten edo jaso ez dituzten pertsonak
  • 0-4 urteko laguntza jasotzeko eskubidea baduzu eta orain baldintzak betetzen badituzu, dekretua indarrean dagoenetik aurkeztu dezakezu eskabidea.
  • Eskaera 2026ko abenduaren 31ra arte aurkezten bada → 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera edo dagokion egunetik aurrera aitortuko da laguntza.
  • Eskaera 2026ko abenduaren 31ren ondoren aurkezten bada → eskabidea aurkezten den hilabetetik aurrera aitortuko da laguntza. 
  1. Gaur egun 0-3 laguntza jasotzen ari diren pertsonak
  • Aurreko dekretuaren 0-3 urteko laguntza jasotzen ari bazara eta 4 urtera arte luzatzeko eskubidea baduzu azken dekretuaren arabera, dagokion eskabidea aurkeztu ahal izango duzu onartutako 0-3 urteko laguntza amaitu eta hurrengo hilabetetik aurrera.
  • Eskabidea onartuta dagoen laguntzaren azken ordainketaren ondorengo 6 hilabeteen barruan aurkezten bada → 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera edo dagokion egunetik aurrera aitortuko da laguntza.
  • Eskaera aurreko paragrafoan aipatutako 6 hilabeteen ondoren aurkezten bada → eskabidea aurkezten den hilabetetik aurrera aitortuko da laguntza. 
  1. Gaur egun 3-7 laguntza jasotzen duten pertsonak
  • Aurreko dekretuko 3-7 urteko laguntza jasotzen ari bazara eta 0-4 luzapena jasotzeko eskubidea baduzu, dagokion eskaera dekretua indarrean dagoenetik aurkeztu dezakezu.
  • Eskaera 2026ko abenduaren 31ra arte aurkezten bada → 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera edo dagokion egunetik aurrera aitortuko da laguntza.
  • Eskaera 2026ko abenduaren 31ren ondoren aurkezten bada → eskabidea aurkezten den hilabetetik aurrera aitortuko da laguntza. 
  1. 0-3 urteko laguntza-eskaera aurkeztuta baina oraindik ebatzi gabe duten pertsonak
  • EZ aurkeztu oraindik 0-4 laguntza-eskabidea, eta itxaron aurkeztutako eskabidea ebatzi arte. 0-3 urteko laguntza ematen bazaizu, laguntza amaitu eta hurrengo hilabetean beste eskaera bat egin ahal izango duzu 4 urtera arteko luzapena jasotzeko, ez lehenago.