Osasun Saila

Ohiko galderak

OHIKO-GALDERAK.pdf (PDF, 220 KB) (leiho berri batean irekitzen da)

  • Nork egiten du Osasun Inkesta?

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Osasun Sailak inkestagileak identifikazio-txartel batekin kreditatzen ditu.

  • Zeintzuk dira Osasun Sailak dituen eginkizunak?

Osasun Saila osasun plangintzaz, osasunaren sustapenaz eta gaixotasunaren prebentzioaz arduratzen da. Erantzukizun horiek, besteak beste, honako eginkizun hauek barne hartzen dituzte: biztanleriaren osasun-egoeraren ezagutza, osasuna hobetzeko politikak prestatzea, elikagaien segurtasunaren hobekuntza, zainketa epidemiologikoa, farmazia-plangintza eta osasun-zerbitzuen kontratazioa. Orain egiten ari garen Osasun Inkestak, Osasun Sailak eginkizun horiek bete ahal izateko balio handikoa den informazioa ematen du.

  • Zeri buruzkoak dira egingo dizkidaten inkestak?

Osasun Inkestak honako hauei buruzko informazioa jasotzen du: biztanleriaren osasun-egoera, osasun-zerbitzuen erabilera, osasunarekin lotutako bizimoduak (alkohola eta tabakoren kontsumoa, jarduera fisikoa, elikadura-ohiturak, etab.), eta lanarekin erlazionatutako arriskuak, besteak beste. Halaber, populazio-taldeetan osasuna nola banatzen den jakiteko, pertsonen ezaugarri soziodemografiko nagusiei buruzko datuak biltzen dira (adina, bizilekua, prestakuntza, egoera zibila, lan-egoera, etab.).

  • Nori galdetzen zaio?

Euskal Autonomia Erkidegoko 5.800 etxe ingurutan bizi diren pertsonei.

  • Gure etxea zergatik izan da hautatua?

Laginketa bidez (etxe-kopuru bat ausaz hautatzean datzan prozedura estatistikoa), bizilekuen zerrenda bat hautatu da, eta bizileku horien artean zurea ere badago. Laginketari esker, hautatutako etxeek Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsonen informazio eredugarria ematen dute. Hautatutako laginketa biztanleria osoaren adierazgarri zehatza dela bermatzeko, oso garrantzitsua da hautatutako etxe guztiek inkestan parte hartzea. Beraz, zure partaidetza funtsezkoa eta ordezkaezina da.

  • Nahitaez parte hartu behar dut?

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legearen 10. artikuluan xedatutakoaren arabera, Estatistikako Euskal Planaren barruan dauden eragiketa estatistikoei dagokien informazio estatistikoa ematera behartuta gaude guztiok. Osasun Inkesta eragiketa estatistiko horietako bat da; izan ere, 2019-2022 Euskal Estatistika Planaren ekainaren 27ko 8/2019 Legean araututa dago, 030501 kodearekin.

  • Emango dizudan informazioa isilpekoa da?

Bai. Osasun Sailak jasotzen duen informazio guztia erabat isilpekoa da eta honako hauek babesten dute: Sekretu Estatistikoak (Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legearen 19. artikulutik 23. artikulura bitartekoen arabera), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduak (EB), datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoen babesari buruzkoak, eta Pertsonen Babesari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak.

  • Zenbat aldiz egingo didate inkesta?

2023ko Inkesta behin betetzen da. Gainera, pertsona batzuei duela bost urte, 2018ko Osasun Inkesta egin zenean, elkarrizketa egin zitzaien. Gerta daiteke, Inkesta egiten den hurrengoan, zu berriro inkestatu behar izatea. Kasu horietan, hautatutako pertsonei inkesta bost urtetik behin egiten zaie.

  • Etxean bizi den edozeinek erantzun dezake?

Elkarrizketa ondo egin ahal izateko, onena etxean bizi diren pertsonak bertan egotea litzateke. Horietakoren bat egon ezin bada, bere ordez, etxeko pertsona batek erantzun dezake, adin nagusikoa bada eta ez dagoen pertsonaren osasun-egoera behar bezala ezagutzen badu. Elkarrizketaz gain, etxeko pertsona bati edo batzuei beste galdera-sorta bat betetzea eskatzen zaie. Kasu horretan, hautatutako pertsonek galdera horiei aurrez aurre edo internet bidez erantzun behar diete.

  • Zenbat irauten du inkestak?

3 pertsonako familia batean, batez beste, 50 minutu behar izaten dira familia-galdetegia deritzonari erantzuteko. Beste galdera-sortari dagokionez (banakako galdera-sorta), norberak bete dezakeenez, iraupena aldakorra da. Nolanahi ere, inkestaren iraupen osoa familiaren ezaugarrien araberakoa da.

  • Inkestatik lortutako informazioa nork erabiliko du eta zertarako?

Datu-basea anonimoa izango da, datuak prozesatzen dituztenek ezin izan dezaten inkestatutako pertsonen identitatea ezagutu. Osasun Inkestaren emaitzak Osasun Sailak eta beste erakunde publiko batzuek erabiliko dituzte funtsezko ekarpen gisa beren erabakietan, bai eta ikerketa-proiektuak gauzatzeko ere. Adibidez, Osasun Inkesta erabiliko da Osasun Plana ebaluatzeko, osasun-arretaren beharrak baloratzeko, osasun-arloko desberdintasun sozialak monitorizatzeko, bizimodu osasungarriak sustatzeko programak diseinatzeko, etab.

  • Non aurki ditzaket Inkestaren emaitzak?

Inkestaren emaitzak argitalpen desberdinetan agertuko dira, baita Osasun Sailaren eta Euskal Estatistika Erakundea-Eustaten web orrialdean ere.

  • Nola eska dezaket inkesta honi buruzko informazio gehiago?

Informazio gehiago jasotzeko, deitu doako telefono honetara: 900 645 065, Osasun Sailaren www.euskadi.eus/osasun-inkesta/hasiera, edo idatzi helbide honetara: ordes2sc-san@euskadi.eus

 

 

Azken aldaketako data: