Zor malgua
Finantzaketa malgua, euskal enpresen eraldaketa produktiboa bultzatzearen alde
ZOR MALGUA, ERALDAKETA, ETEA, MIDCAP, EUSKADI ERALDATUZ 2030
Helburua
Banka tradizionalak asetzen ez dituen finantzaketa-beharrei erantzutea, kapital pribatua mobilizatzea eta euskal industria-ehunaren erresilientzia erraztea.
Deskribapena
Zor Malguaren Programa zeharkako inbertsiorako tresna publiko-pribatu gisa eratu da, Euskadiko enpresek dituzten proiektu eraldatzaileak eta modernizazio-prozesuak gauzatu eta haien erresilientzia indartzeko sortua; aldi berean, ekosistemarekin konprometitutako tokiko inbertitzaileen sarea zabaltzen du.
Programa honek, nagusiki pribatua izango den zor-funts bat sortuz, banka tradizionalak estaltzen ez dituen finantzaketa-beharrak asetzea eta kapital pribatua Euskadiko industria-ehunaren etorkizunak eskatzen dituen inbertsio estrategikoetara bideratzea du helburu. Horrela, deialdi honen xedea da zor-funts publiko-pribatu bat egituratu, kapital osagarria erakartzeko eta kudeatzeko gai den kudeatzaile profesional bat hautatzea, proiektu sendo eta estrategikoak finantzatzeko, gobernantza egokia, interesen bat-etortzea, kapital pribatuaren erakarriz eta eskualde-mailako eragin esanguratsua bermatuz, eta, aldi berean, Euskadiko enpresa-ehunaren jasangarritasuna eta lehiakortasunaren hobekuntza bultzatuz.
Nori zuzendua
Programa Espainian merkaturatzeko baimena duten sozietate kudeatzaileei zuzenduta dago, gehiengo pribatua duen partaidetza eta erabakiak hartzeko orduan kontrol eraginkor eta autonomoa dutenak. Hautatutako kudeatzaileak finantza-kaudimen sendoa eta zor-funtsen kudeaketan esperientzia azpimarragarria aurkeztu beharko ditu, bai eta gobernantza onaren, gardentasunaren, IGG irizpideen eta lurralde-inpaktuaren printzipioen arabera jarduteko gaitasuna ere.
Zor-funts berria hurrengoko enpresa pribatu ez-kotizatuak finantzatzera bideratuta egon beharko da: gutxienez 3 urteko ibilbidea dutenak, tamaina ertainekoak, bideragarriak eta errentagarriak direnak eta Euskadin errotuta edo bertan inpaktu estrategikoa dutenak. Funtsa gutxieneko 100 M€-ko ondarearekin eratuko da, INDARTUZen aldetik guztizkoaren %25 eta %49 artean ekartzeko/inbertitzeko konpromisoarekin, eta funtsak betiere gehiengo pribatua duen partaidetza izango duela bermatuz.
Hautatutako kudeatzaileak kapital pribatu osagarria mobilizatu beharko du, eta mailegu-portfolio bat (ohikoak, partaidetzazkoak, seniorrak, mendekoak edo bihurgarriak) egituratu eta kudeatu beharko du, proiektu eraldatzaileetara bideratua, baztertutako sektoreen finantzaketa saihestuz eta Euskadi Eraldatuz Planaren ardatz estrategikoak lehenetsiz.
Sozietate kudeatzailearen baldintzak
- Behar bezala eratutako eta baimendutako sozietate kudeatzaileak (IKESK, IKIESK, AKS edo baliokide europarrak), CNMVk edo EBk baimenduak, partaidetza nagusiki pribatua eta kontrol pribatu eraginkorra eta erabakiak hartzeko autonomia dutela egiaztatzen dutenak.
- Gutxienez 5 urteko esperientzia inbertsio-funtsen kudeaketan, edo kudeaketa-taldeak antzeko inbertsio-proiektuetan gutxienez 10 urteko esperientzia aurkeztea.
- Talde kudeatzaileko gutxienez 2 kidek 5 urteko esperientzia edo gehiago izatSozea mailegu ematean.
- Gutxienez kide batek Euskadin egindako inbertsioetan esperientzia egiaztatua izatea.
- Funtsaren ondare objektiboaren gutxienez %1 ekartzeko konpromisoa.
- Kudeaketa-komisioa gehienez: %1,5.
Funts edo AKSaren baldintzak
- Partaidetza nagusiki pribatua, partaidetza publiko zuzena zein zeharkakoa kontuan hartuta.
- Inbertsio mota: batez ere zorra (mailegu arruntak, partaidetzazkoak, mendekoak, bihurgarriak).
- Enpresa objektiboak: pribatuak, ez-kotizatuak, gutxienez 3 urteko antzinatasuna dutenak, tamaina ertainekoak, eta Euskadin errotutako proiektu sendoak dituztenak.
- Euskadin gutxieneko inbertsio-konpromisoa: %75a, Programaren Oinarrietan ezarritakoaren arabera.
Horrez gain, Oinarrietan jasotako gainerako betekizun, baldintza eta betebeharrak bete beharko dira, bereziki Inbertsio-Konpromisoaren Gutuna formalizatzeari dagozkionak.
Ebaluazio-irizpideak
Balorazio- eta ponderazio-irizpideak, Programaren Oinarrietan zehazten direnak, honako kategoriatan egituratzen dira:
- Metodologia eta Lan-Plana: funtsaren fokua eta banka tradizionalarekiko balio-proposamen bereizia; funtsaren tamaina objektiboa eta Euskadin inbertitzeko bideragarritasuna; eraketarako epeak, kapital-deialdien egutegia eta kapitalaren hedapenean eraginkortasuna; eta arriskuen kudeaketa-estrategia eta berme-eskemak.
- Talde Kudeatzailearen Esperientzia eta ibilbidea: inbertsio-ziklo osoan esperientzia, bereziki zor pribatuan eta Euskadin; lortutako errentagarritasuna eta emaitza neurgarriak; taldearen gaitasuna, lidergoa eta kohesioa; erreferentziak eta ospea, bereziki euskal esparruan.
- Inpaktu Geografikoa Euskadin: Euskadin eskatutako gutxienekoa baino inbertsio-konpromiso handiagoa aurkeztea; eta EAEko presentzia fisikoa, egitura operatiboa eta tokiko taldea.
- Inpaktua eta Jasangarritasuna (IGG): IGG irizpideekin eta Euskadiko trantsizio estrategikoekin bat datorren ikuspegia; IGG irizpideen integrazioa, neurketa eta adierazpen gaitasuna; genero-berdintasunaren sustapena taldean, bereziki zuzendaritza-postuetan.
- Irizpide Ekonomikoak eta Inbertsio-Konpromisoak: kudeaketa- eta arrakasta-komisioen maila eta partaideekin duten bat-etortzea; erakunde kudeatzailearen gutxieneko ekarpena funtsean; kapital gehigarria erakartzeko egiaztatutako gaitasuna.
- Gobernantza eta Reporting-a: gobernu-egitura eta inbertitzaileen parte-hartzea; reporting-sistemaren eskatutako KPIen kalitatea, maiztasuna eta sendotasuna.
Proposamenak aurkeztea
Interesa duten erakundeek, Oinarrietan adierazitakoaren arabera, beren proposamena bidali ahal izango dute helbide honetara: indartuz@ivf-fei.eus. Hautagaitzak aurkezteko epea hogei (20) egun baliodunekoa izango da, deialdi honen iragarkia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera (2026ko apirilaren 20ra arte, barne).
Helbide berera bidali ahal izango dira oinarri eta prozesuari buruzko kontsultak. IVFk aldian-aldian argitaratuko ditu kontsulta horien erantzunak, prozesuaren gardentasuna eta berdintasuna bermatzeko.
Programan parte hartzeko behar den dokumentazioa Programaren Oinarrietan zehaztuta dago.