Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Elebitasuna eta hizkuntza-irizpideak

Sarrera

Euskara eta gaztelania zerbitzu-hizkuntza dira herritarrekin, harremanetako hizkuntza beste administrazio batzuekin, eta lan-hizkuntza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta bere erakunde autonomoetan. Gaztelania eta euskara Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak izan arren, eta ofizialtasuna egiazkoa eta eraginkorra bilakatzeko bidean urratsak eman diren arren, begi bistakoa da lehenengoaren nagusitasuna Administrazioaren gaurko komunikazioetan. Egoera hori orekatu nahian, Eusko Jaurlaritzak berebiziko ahalegina egin du langileak gaitzeko, eta ahaleginak egin behar ditu euskararen erabilera Administrazioan sustatzeko. Bultzada horrek, ordea, aktiboa nahi du izan, ez baita nahikoa Eusko Jaurlaritzak euskaraz erantzutea Administraziora euskaraz jo duten herritar eta administrazioei.

Euskaraz!

Internet eta intranetari dagokienez, irizpide nagusia hauxe izango da: Eduki, atari eta zerbitzu guztiak euskaraz zein gaztelaniaz egongo dira eskuragarri. Ezingo da edukirik, ataririk edo zerbitzurik publikatu bi hizkuntza ofizialetan ez badago. Edozein komunikazioan, lehenetsitako hizkuntza euskara izango da, eta komunikazio elebidunetan neurriak hartuko dira euskara nabarmentzeko.

Hizkuntza ofizialak interneten erabiltzeko irizpide batzuk

Idatzizko komunikazioa

Eusko jaurlaritza dokumentu igorlea denean (herritarrari zerbitzu ematean, beste administrazio batzuekin harremanak ezartzean eta eusko jaurlaritza barruan), oro har, lehenengo komunikazioa ele bitan edo euskaraz egingo da.

Idazketa elebiduna

Euskararen egoera soziolinguistikoa dela-eta, hauxe izan da azken urteotako joera: testu gehienak gaztelaniaz sortu izan dira, eta gero euskarara itzuli. Gauzak horrela egiten badira, garbi dago erdal testuak markatzen duela maiz euskal itzulpenak izango duen egitura, estiloa eta itxura.

Mendekotasuna bazter uzteko, Eusko Jaurlaritzak, ahal den neurrian, Administrazioko agiri elebidunak sortuko direla bermatuko du, itzulpen-zerbitzuetara sistematikoki jo gabe. Azken batean, informazioa komunikatzea da Eusko Jaurlaritzaren zeregina, bi hizkuntza-komunitate ezberdinei komunikatzea, alegia; eta horretarako ez dago itzulpenen beharrik: nahikoa da zabaldu beharreko mezua bi hizkuntzetan sortu eta ematea, betiere edukia errespetatuz, baina estiloa hizkuntza bakoitzaren ezaugarrietara moldatuta.

Komunikazio elebidunetan euskara nabarmentzeko neurriak

Eusko Jaurlaritzak sortutako komunikazioetan, euskararen egoera soziolinguistikoa kontuan izanik, beharrezko neurriak hartuko dira euskara nabarmentzeko (kokapena, tipografia...)

Internet eta intranet sareak

Eusko Jaurlaritzaren eskumenean diren Internet eta intranet sareetako edukiak, oro har, euskaraz eta gaztelaniaz kontsultatzeko moduan egongo dira.

Eusko jaurlaritzaren blog eta foroetarako hizkuntza irizpideak

Eusko Jaurlaritzaren Blog eta Foroek Hizkuntza Ofizialen Erabilerari buruzko Arau Orokorretan jasotakoa beteko dute. Edukiak EAEko bi hizkuntza ofizialetan (euskara eta gaztelania) argitaratuko dira osorik bertsio banatuetan. Bi hizkuntzen kalitatea zainduko da. Komentarioak egileak hautaturiko hizkuntzan egingo dira eta komentarioaren hizkuntzari dagokion bertsioan argitaratuko dira. Era berean, komentarioen artean interes orokorrekoa den gai edo eztabaida interesgarri bat hizkuntzetako batean argitaratzen denean, gaia edo eztabaida jasotzen duen eduki berri bat sortuko da beste hizkuntzan.

Blogak administratzaile edo dinamizatzaile elebiduna izango du eta argitaratze erritmoa azkartzeaz arduratuko da (kolaborazioak proposatuko ditu). Jatorrizko edukiak bi hizkuntzetan modu orekatuan argitara daitezen ahaleginduko da.

Gizarte sareak oro har

Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Sareek goiko atalean Hizkuntza Ofizialen Erabilerari buruzko Arau Orokorretan jasotakoa beteko dute. Edukiak EAEko bi hizkuntza ofizialetan (euskara eta gaztelania) argitaratuko dira. Sareok administratzaile elebiduna izango dute, eta bi hizkuntzen kalitateaz arduratuko da.

Facebook, Tuenti

Kontu bakarra irekiko da eta edukiak euskaraz zein gaztelaniaz argitaratuko dira. Edukiak sartzerakoan, lehentasuna izango du euskarazko edukiak. Lehenengo euskarazko edukia ikusiko da eta ondoren gaztelaniaz idatzitakoa. Parte hartzaileei euren partaidetza egin duten hizkuntzan erantzungo zaie. Argazki, etiketa eta abarren azalpenak ele bitan egingo dira, lehenengo euskaraz eta gero gaztelaniaz.

Zenbait mikroblogging: Twitter...

Kontu bakarra irekiko da eta edukiak euskaraz zein gaztelaniaz argitaratuko dira. Edukiak sartzerakoan, lehentasuna izango du euskarazko edukiak. Lehenengo euskarazko edukia ikusiko da eta ondoren gaztelaniaz idatzitakoa. Era berean, ahal den guztietan tweet bakarrean bi hizkuntzak sartuko dira, lehenengo euskara eta ondoren gaztelania.

Ahal dela, hashtag-ak, nomenklaturak, abatarrak eta horrelakoak euskarazkoak izango dira. Izan ere, laburrak dira, hizkuntzari ikusgarritasuna ematen laguntzen diote eta ez dute trabarik egiten mezua ulertzeko.

Bideoak, argazkiak, geolokalizatzaileak, gizarte markatzaileak

Aurreko atalean Hizkuntza Ofizialen Erabilerari buruzko Arau Orokorretan jasotakoa beteko dute. Edukiak eaeko bi hizkuntza ofizialetan (euskara eta gaztelania) argitaratuko dira. Edukiak sartzerakoan, lehentasuna izango du euskarazko edukiak. Lehenengo euskarazko edukia ikusiko da eta ondoren gaztelaniaz idatzitakoa.

Informazio gehiago eskuratzeko, irakurri Hizkuntza ofizialak erabiltzeko Eusko Jaurlaritzaren irizpide eta arau orokorrak eta Eusko Jaurlaritzan hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak: Interneteko edukiak eta gizarte sareak

Euskadi.eus-eko euskara atariak eskaintzen dizu hainbat baliabide zein software euskaraz lan egiteko. Halaber, IVAPeko atarian aurkituko dituzu beste tresna interesgarriak: ELET edo zalantzak argitzeko Duda-muda zerbitzua. Beste webgune batzuek (Softkat edo Librezale, adibidez) gure eguneroko lana euskaraz egiteko hainbat tresna ere eskaintzen digute.

Era berean, eskuragarri duzu administrazio elektronikoari buruzko terminoen glosarioa, interneten idazteko zeharo baliagarria izango duzu interneten idazterakoan.

Hizkera ez sexistaren erabilera

Erabiltzen dugun hizkuntzak, gutxien-gutxienez gure gizartea islatu ohi du. Gizartea arrazista, klasista edo heterosexista bada, hizkuntza ere halakoxea izaten da. Eta, jakina, emakumeenganako diskriminazioak eragindako desberdintasun guztiak bildu eta sexismo eta androzentrismo guztia ere islatzen du hizkuntzak.

Hizkuntza ez da egintza biologiko eta berezkoa, kulturaz jasotzen dugun zerbait baizik, eta kulturaz jasotako guztia erantsitakoa izaten da. Hortaz, jendearen borondatearen arabera alda daiteke. Aldaketak egin ditzakegu, hizkuntzari ukitu berriak emanez pentsaerari ere ukitu berriak ematen baitzaizkio eta pentsaera ukituz jokabidea ere ukitzen baita.

Hizkera ez sexistaren erabilerari buruz gehiago jakiteko, ikusi Euskararen erabilera ez sexistaren gida