Erabilera planak arautzen dituen 86/1997 Dekretuari buruzko ohiko galderak
Irati aplikazioari buruzko ohiko galderak
Zein da plangintzaldi bakoitzean erabili behar den Derrigortasun Indizea (DI)?
Derrigortasun Indizea kalkulatzeko, plangintzaldi bakoitza hasten denean indarrean dagoen Errolda edo Biztanleria eta Etxebizitza Estatistikan jasotako azken datuak erabili behar dira.
V. plangintzaldiari dagokionez, 2013ko urtarrilaren 1ean indarrean zeuden datuak erabili behar dira, hau da, 2006ko Erroldan jasotakoak (pdf, 12,0 Kb).
Nola kalkulatzen da herri administrazio bakoitzaren Derrigortasun Indizea?
Erakunde bakoitzak Erroldan edo Biztanleria eta Etxebizitza Estatistikan bere jarduera-esparrurako jasotako datuak erabili behar ditu. Adibidez, udal batek bere udalerriaren datuak erabili behar ditu; foru aldundi batek bere lurraldearenak, Eusko Jaurlaritzak EAE osokoak, etb.
Hori horrela, erakunde bakoitzaren Derrigortasun Indizea batuketa honen bitartez kalkulatzen da:
DI (%)= euskaldunen % + (ia euskaldunen % /2)
Hau da, Derrigortasun Indizea ehuneko bat da, eta bi ehuneko hauen batuketa da: erakundearen jarduera esparruan dauden euskaldunen ehunekoa gehi ia euskaldunen ehunekoaren erdia.
Nola erabakitzen da erakunde bati dagokion derrigortasun daten (DD) kopurua?
Derrigortasun Indizea da erakunde bakoitzean derrigortasun data izango duten lanpostuen gutxieneko ehunekoa.
Derrigortasun Indizeak gutxieneko ehunekoa adierazten du. Erakunde bakoitzak ehuneko horretatik gora jo dezake, bere egoeraren arabera.
Nola erabakitzen da zein lanposturi ezarri behar zaion derrigortasun data?
Derrigortasun data behar duten lanpostuak zehazteko orduan, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 20, 21 eta 22. artikuluetan xedatutakoak hartuko dira aintzakotzat. Horrela, lanpostuak jendearekin duen harrema mailaz eta administrazio barruan duen harreman sareaz gain, lanpostua kokatuta dagoen zerbitzu edo administrazio atalaren izaera era kontuan hartu behar da.
20. artikulua. Betiere, derrigortasun data behar duten lanpostuak zehazteko orduan, honako irizpide hauek haurtuko dira aintzakotzat:
- Lanpostuari dagokion jarduera betetzerakoan jendearekin izaten den harremana. Aztertu egingo da, beraz, lanpostu bakoitzetik eskainitako zerbitzua norentzat den eta harremanak nolakoak eta zenbaterainokoak diren.
- Administrazioaren barruan lanpostuaren harreman sarea (harremanak norekin, nolakoak eta zenbaterokoak).
- Lanpostuari dagokion zerbitzua edo atala zein motatakoa den eta zein ezaugarri dituen.
21. artikulua. Lanpostuak dotazio bat baino gehiago badu eta zereginak edo jarduera esparruak bereizi ezin badira, dagokion derrigortasun data ezartzerakoan lehentasuna izango dute honako irizpide hauek:
- Dotazio bat baino gehiagoko lanpostu batean dotazio jakin bat betetzen duen titularrak berak eskatzen badu derrigortasuna bere dotazioan ezartzeko, horrexek izango du lehentasuna gainerako irizpide guztien gainetik.
- Lanpostu bat betetzeko hautaketa prozesu baten ondorioz lehen plangintzaldia baino lehenago bete diren dotazioetan ere lehentasunez ezarriko da derrigortasuna, prozesu horretan euskaraz jakitea derrigorrezko betebeharra izan bada.
- Lanpostu batek dotazio bat baino gehiago duenean, lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizunarekiko euskara maila handiagoa duten titularren dotazioetan ezarriko da derrigortasuna.
- Titularren euskara mailari begiratuta alde handirik ez badago batetik bestera, orduan, adinaren arabera ezarriko da derrigortasuna. Hau da, plangintzaldiaren hasieran lanpostu horretarako dotazioen titular bakoitzak duen adina kontuan hartuta. Titular gazteenaren dotazioan ezarriko da derrigortasuna.
- Orain arte azaldutako irizpide horiek denak erabilita nahikoa ez bada, lanpostu horretan denbora gutxien daramaten titularren dotazioetan ezarriko da derrigortasuna.
22. artikulua. Derrigorrezko hizkuntza eskakizunak ezartzeko irizpideek administrazio bakoitzean dauden lanpostuetan modu zuzen eta proportzionalean ezartzea izango dute helburu, berezitasunik egin gabe kidego, eskala, maila edo titulazio-taldearen arabera.
Derrigorrezko hizkuntza eskakizuna ezarrita duten dotazioetan, dagokion plnagintzaldiaren barruan jarriko da derrigortasun data. Aintzakotzat hartuko da dotazio horietako titularrek denbora horretan benetan maila horretara iristeko modua badutela.
Ezar daitekeen derrigortasun daten kopurua mugatua denez gero, banaketa egiterakoan honela jokatuko litzateke:
- Jendaurreko lanpostuak edo datak
- Gizarte izaerakoak
- Izaera orokorrekoak
- Izaera berezikoak
Zein da hizkuntza eskakizuna eta derrigortasun data ezartzeko prozedura?
Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 23. artikuluak xedatzen du herri administrazioek jarraitu beharreko prozedura lanpostuetan hizkuntza eskakizunak eta derrigortasun datak izendatzeko edozein erabaki hartu aurretik.
23. artikulua, 1. Euskal herri administrazioek dagokien txostena eskatuko diote Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 97.5 artikuluari jarraituz. Beharrezkoa izango da, beraz, txosten hori izatea lanpostuetan derrigortasun datak eta hizkuntza eskakizunak izendatzeko edozein erabaki hartu aurretik.
23. artikulua, 2. Horretarako, herri administrazio bakoitzak dagokion proposamena bidaliko dio Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, honako dokumentazio honekin batera:
- Indarrean dagoen lanpostu zerrenda.
- Lanpostuen titular direnen edo lanpostua betetzen ari direnen izen-abizenak, jaiotze-data eta euskara maila zehazturik.
- Sortzekoak diren lanpostuen ezaugarriak, administrazioaren barruan duten tokia.
- Lanpostuaren zereginetan aldaketarik badago eta, horren eraginez administrazio egituran ere aldaketak sortzen badira eta, horri lotuta, komenigarritzat jotzen bada derrigortasun datak eta hizkuntza eskakizunak aldatzea, orduan, txostena osatu beharko da hori azaltzeko.
23. artikulua, 3. Proposamena eta aurreko atalean jakinarazitako dokumentazio jasota, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak txostena osatuko du horretaz hilabete baino lehen.
23. artikulua, 4. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egindako txosten hori jaso ondoren, herri administrazioaren gobernu-organoak hizkuntza eskakizunak eta, hala badagokio, derrigortasun datak ezartzeko erabakia hartuko du. Era berean, horren arabera lanpostu zerrendan egin beharreko aldaketak egitea onartuko du.
Zein da lanpostu jakin bati ezarri beharreko hizkuntza eskakizuna?
Lanpostu bati ezarri beharreko hizkuntza eskakizuna erabakitzeko, Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legearen 97.2 artikulua eta Dekretuaren 7. artikuluari erreparatuko diegu:
6/1989 Legea:
- 97. artikulua, 1. Euskara eta gaztelania dira euskal administrazio publikoetako hizkuntza ofizialak, eta bi hizkuntzok erabiltzea bermatu beharko dute administrazio horiek barneko zein kanpoko harremanetan.
- 97. artikulua, 2. Gorago esandakoaetarako, administrazioetan dauden lanpostuetako bakoitzak bere hizkuntza eskakizuna jarria izango du. Hizkuntza eskakizunak zehaztuko ditu lanpostua betetzeko eta hor lan egiteko beharrezko diren euskarazko hizkuntza gaitasun mailak. Hizkuntza eskakizuna aginduzko ez den artean, euskaraz jakiteari, bai lanpostuak betetzeko eta kanpoko aukeraketak egiteko, merezimendu gisa eman beharko zaion balioa zehazteko soilik izango da.
86/1997 Dekretua:
- 7. artikulua. Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetan dauden lanpostuetako bakoitza betetzeko eta horretan jarduteko euskaraz beharrezko den gaitasun maila kontuan hartuta erabakiko da lanpostu bakoitzari zein hizkuntza eskakizun dagokion. Era berean, lanposturen bati dagokionez hizkuntza eskakizuna derrigorrezkoa ez bada, euskararen ezagutza meritu gisa baloratu beharko da, bai lanpostuak betetzerakoan, bai langileak hartzerakoan.
Beraz, lanpostu bakoitzaren zeregin zehatzei erreparatu beharko zaie hizkuntza eskakizuna ezartzeko.
Zer egin daiteke derrigortasun data igarota eduki eta lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna egiaztatu ez duen langilearekin?
Bi dira batez ere aintzat hartu beharreko arauak: uztailaren 6ko 6/1989 Legea, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa, eta 86/1997 Dekretua.
Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 97.3 artikuluaren arabera, derrigortasun datatik aurrera hizkuntza eskakizuna egiaztatzea ezinbestekoa izango da lanpostua betetzeko. Esandakoa 86/1997 Dekretuaren 8. artikuluan berresten da.
86/1997 Dekretuaren 44. artikuluaren kasuan, berriz, langileak derrigorrezko hizkuntza eskakizuna egiaztatzen ez badu, lanpostutik kentzeko espedientea has daitekeela ondoriozta daiteke. Xedapen honen oinarria 6/1989 Legean dago, 50. artikuluan hain zuzen ere. Bertan, funtzionarioa bere lanpostutik aldatzeko aukera ezartzen da.
Jarraitu beharreko prozedurari dagokionez, espedientea egin eta langileen ordezkapen-organoaren txostena jaso ondoren egingo da aldaketa, izendapena egin zuen organoaren erabaki arrazoituaren bidez, 50.artikulu horrek argitzen duen bezala.
6/1989 Legearen 51. artikuluaren arabera, 50. artikuluko 2, 3, 4.a) edo 4.b) paragrafoetan jasotakoaren ondorioz bere lanpostutik kendutako funtzionarioa bere kidegoko edo eskalako beste lanpostu bati atxikiko zaio behin-behinean.
Beraz, argi gelditzen da erremozioa edo lanpostu aldaketa ez dela diziplina-zigorra, administrazioak daukan ahalmena baizik.
EHAAren 2004ko urriaren 27ko 206 zenbakian 190/2004 Dekretua argitaratu zen, euskal herri administrazioetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzeko dena, eta III. kapituluan lehiaketetan lorturiko lanpostuetatik erremozioa egiteko prozedura zehazten da.
Zein langile geldi daiteke salbuetsita adinagatik?
Salbuespen arauak 86/1977 dekretuaren 42. artikuluan daude jasota.
Lehenengoak honela dio: plangintzaldietako bakoitza hasterakoan 45 urtetik gora dutenek, interesatuak eurak aurretiaz ados egonez gero.
Hori horrela, langileak betetzen duen lanpostuak derrigortasun data dutenean, derrigortasun data hori zein plangintzaldiri dagokion begiratu behar da, eta plangintzaldi hori zein datatan hasi zen. Hori kontuan hartuta, ikusi behar da plangintzaldi horren lehenengo egunerako langileak 45 urte beteteta zituen ala ez. Jarraian doazen jaiotze datak hartu beharko dira kontuan erabakitzeko langilea salbuetsita gera daitekeen ala ez.
| PLANGINTZALDIAK | Salbuetsi ahal izateko jaiotze dataren muga | Salbuetsi ahal izateko lanpostuaren jabeak noiz izan behar ditu 45 urte |
|---|---|---|
| I. plangintzaldia: 1990/07/31ti 1995/07/30era | 1945/07/30 | 1990/07/31n |
| Behin behineko aldia: 1995/07/31tik 1997/04/17ra | 1952/04/17 | 1997/04/18an (bigarren plangintzaldirako data bera) |
| II. plangintzaldia: 1997/04/18tik 2002/12/31ra | 1952/04/17 | 1997/04/18an |
| III. plangintzaldia: 2003/01/01etik 2007/12/31ra | 1957/12/31 | 2003/01/01ean |
| IV. plangintzaldia: 2008/01/01etik 2012/12/31ra | 1962/12/31 | 2008/01/01ean |
| V. plangintzaldia: 2013/01/01etik 2017/12/31ra |
1967/12/31 |
2013/01/01ean |
Adibidez: langile baten derrigortasun data 1999/06/14koa bada, derrigortasun data hori II. plangintzaldiari dagokio, beraz, langilea salbuetsita gelditzeko, beranduenez 1952ko apirilaren 17an jaioa beharko du. Geroago jaioa bada, ezingo da, adinagatik behintzat, salbuetsi nahiz eta gaur egun 45 urte baino gehiago izan.
Kontuan izan behar da, bestalde, salbuespena langileak jabetzan duen lanpostuari dagokiola bakarrik. Beraz, langileak beste lanpostu batera aldatu nahiko balu, lanpostu berriaren eskakizuna bete beharko luke.